Politika -

Trebiñuren inguruko eztabaida

Ricok dio Trebiñu Burgos dela eta eztabaida itxita dagoela

Burgosko presidenteak dio Trebiñu Burgos dela "Gaztela eta Leoneko estatutuak berretsi egiten duelako, eta berau arau konstituzional bat delako".

Cesar Rico Burgosko Presidentea.
Cesar Rico Burgosko Presidentea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

César Rico (PP) Burgosko Diputazioko presidenteak Trebiñu Burgos dela defendatu du gaur, eta bide batez, Javier de Andrés Arabako diputatu nagusiak (PP) eginiko adierazpenengatik sortutako eztabaida itxi nahi izan du. Arabar lurraldean integratu nahi duten herriei babesa eskainiko diela esan zuen atzo De Andresek.

Burgosko presidenteak dio Trebiñu Burgos dela "Gaztela eta Leoneko estatutuak berretsi egiten duelako, eta berau arau konstituzional bat da". Gainera, Auzitegi Konstituzionalak kaleratutako sententziek hori bermatzen dutela azpimarratu du.

Horren harian, Burgosko Diputazioaren eta PPren jarrera (berak zuzentzen du), adierazpen horiek nork egin dituen gorabehera, ez dela aldatuko esan du, eta "PPkoa edo beste alderdi politiko batekoa izateak ez du ezer aldatzen", erantsi du.

"Itxitako eztabaida"

Dena dela, Burgosko Diputazioak ez diela De Andresek eginiko adierazpenei inolako erantzun ofizialik eskainiko nabarmendu du, beraien ustez "itxitako eztabaida" baita. Horrez gain, kazetarien informazio bat dela gaineratu du, berak zuzentzen duen erakundera beste bide batetik heldu ez dela nabarmenduz.

Ricok trebiñarren bizi-kalitatea hobetzea helburu duela aipatu du, eta helburu hori hobetze aldera, EAEko beste instituzioekin kolaborazio eta kooperazio era ezberdinak zabaltzeko prest dagoela esan du, "betiere Trebiñu eta Arabaren anexioa baldintza bezala jartzen ez den bitartean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea