Politika -
Protesta
EHUren Ibaetako kanpusean itxialdia egiten ari ziren ikasleak aterarazi dituzte
Unibertsitateko Indar Batasuna astelehenetik ari zen protesta egiten Filosofia fakultatean, Errektoretzari jarduera politikoa aurrera eramateko leku bat eskatzeko.
agentziak | eitb media
Ertzaintzak EHUren Donostiako kanpusean dagoen Filosofiako Fakultatean itxialdia egiten ari ziren dozenaka ikasle aterarazi ditu, eta ez da aparteko istilurik izan.
Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) deituta, astelehenetik ari ziren itxialdia egiten Filosofia fakultatean, Euskal Herriko Unibertsitatearen Errektoretzari jarduera politikoa aurrera eramateko leku bat eskatzeko, UIBk Twitterren zabaldu duenez.
Ertzaintza 21:30 aldera bertaratu da fakultatean, Ibaetan, istiluak galarazteko materialarekin, eraikina jendez husteko asmoz.
Erresistentzia modu baketsuan egiteko antolatuta zeuden itxialdia egiten ari ziren ikasleak, eta Ertzaintza haiekin jarri da harremanetan, banan-banan guztiak atera aurretik. Ez da istilurik izan eta ez da inor zauritu.
Unibertsitateko Indar Batasuna 2019an sortutako ikasle talde bat da, unibertsitatean, ikasleentzat eta langileentzat, hobekuntzak aldarrikatzen dituena.