Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
'Iritsi da presoak hurbiltzeko garaia', Zabaletaren esanetan
Aralarren buruzagiak adierazi duenez, "barkamena eskatzea eta damua agertzea, jarrera gizatiarrak izateaz gain, berradiskidetzea lortzen lagunduko duten jarrerak dira".
Erredakzioa
Patxi Zabaleta Aralarren idazkari nagusiak esan du iritsi dela "presoak hurbiltzeko garaia", egungo "sakabanaketa ez baitzen inoiz gertatu behar".
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, kartzela-politika, gaur egun, "injustua da, ez dago Legera egokituta eta kaltegarria izan da".
"Orain zentzu sozialik ere ez du. Mendeku hutsa da, sufrimendu gehiago eragin duena, beraz, euskal presoak Euskal Herrian egoteko garaia iritsi da", gaineratu du.
Bestalde, Patxi Zabaletak adierazi duenez, "barkamena eskatzea eta damua agertzea, jarrera gizatiarrak izateaz gain, berradiskidetzea lortzen lagunduko duten jarrerak dira". Hori horrela, "kontuan izatekoak dira beti".
Horren harira, "elkarbizitzak egindako kaltearen konponketa" exijitzen duela gaineratu du eta "horretarako barkamena eskatu behar dute alde guztiek".
Harremanak PPrekin
Zabaletak PPrekin aste honetan izan duen bilera ere izan du hizpide gaurko elkarrizketan eta popularrek "normalkuntzarako borondatea" eta "indar politiko guztiekin" hitz egiteko asmoa erakutsi ziotela azpimarratu du.
Aralarren buruak Alerdien Legea salatu du eta egunen batean PP ezker abertzalearekin bilduko dela espero du.