Politika -
Bilbon
Terroristek eta biktimek tratu ezberdina behar dute, enpresarien ustez
Euskal enpresarien konferentzia batean, ETAk eragindako kaltea azpimarratu du Tubacex-eko presidenteak, empresariek indarkeria "uste baino gehiago" pairatu dutela gaineratuz.
Erredakzioa
ETAk indarkeria eta enpresarientzako mehatxua desagertzeagatik gustura agertu da Alvaro Videgain Tubacex-eko presidentea, baina, hala ere, kontuz ibiltzeko eskatu eta terroristei eta haien biktimei "tratu berbera" ematea okerreko erabakia litzatekeela azpimarratu du.
Bilbon emandako hitzaldi batean, ETAren ekintzek "odol asko, izerdia eta malkoak" eragin dituztela esan du, eta enpresariek indarkeria hori "uste baino gehiago" pairatu dutela. Orain, aldiz, ETAren iragarpenaren ondoren, "nire ilobek ez dute horrelakorik ezagutuko, Jainkoari esker", gaineratu du.
"Iragarpen hori azken urteetako albisterik onena izan da", baina oraingoz "ez da okerrik egin behar" ETAren indarkeriaren ondorioak jasan dituztenek jaso beharreko tratuari dagokionean.
"Ez dugu maila egokia eman"
Videgainen hitzetan, ezin da "hutsik egin" eta terroristak biktimen taldean sartu, horrek "baloreen krisi itzela" islatuko lukeelako.
Bere ustez, "askotan ez dugu maila egokia eman" biktimen tragediaren aurrean, izan ere, jende horren senitartekoak "bidean geratu dira, tamalez".
Videgainek azaldu duenez, euskal enpresariek "gaizkileen basakeria jasan dugu, beharrezkoa izan gabe" eta orain "hobe da barkatzea, baina gertatutakoa ahaztu barik".