Politika -
Inbestidura ekitaldia
Rajoyren inbestidura ekitaldia abenduaren 21ean izango da
Abenduaren 22an ministro berriek hartuko dute kargua eta hilaren 23an lehen ministro kontseilua egingo dute.
Erredakzioa
Mariano Rajoy PPko buruaren eta hurrengo presidentearen inbestidura ekitaldia abenduaren 21ean izango da, eta bere Gobernuko ministroek hurrengo egunean hartuko dute kargua, Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak prentsaurrekoan jakinarazi duenez.
Rajoy PPren esku dauden erkidegoetako presidenteekin bildu da gaur Madrilen, eta defizitari aurre egiteko konpromisoa eskatu die.
PPko buruordeak azaldu duenez, inbestidura eztabaida 19an eta 20an izango da; abenduaren 21ean Mariano Rajoyren inbestidura ekitaldia izango da, eta 22an bere Gobernuko kideek kargua hartuko dute.
Abenduaren 23an lehen Ministroen Kontseilua egingo dute, eta 30ean bigarrena, Cospedalen iragarpenen arabera.
Rajoyk Gobernu berriaren lehentasunak azaldu dizkie bere alderdikideei gaurko bileran: Europa, finantza sistemaren arazoa, defizit publikoa eta lan-erreforma.
Lan-taldea
Bestalde, Gobernua osatu bezain laster Mariano Rajoyk "bikoiztasunak edo eskumenen gainjarpenak saihesteko" lan-taldea osatuko duela iragarri du; bertan, administrazio guztiek ordezkaritza izango dute.
Halaber, Rajoyk beste lan-talde bat eratuko du gizarte zerbitzuen erreforma abiatzeko, baina "hiritarren oinarrizko eskubideak ukitu gabe".