Politika -
Konstituzio Eguna
Bonok Gobernuari eta oposizioari 'elkarrekin' lan egiteko eskatu die
Konstituzioaren 33. urtemugaren ospakizunei uko egin diete nazionalistek. Hezkuntza sailburuak azpimarratu duenez, Konstituzioa "askatasun guztien esparrua da".
Erredakzioa
Jose Bono Kongresuko presidenteak Gobernu berriari eta oposizioari "elkarrekin" lan egiteko eta guztion onerako izango diren akordioak sinatzeko deia egin die. "Laguntzeko prest ez dagoena espainiarrek eskatu duten bezala ez jokatzea ekarriko du", gaineratu du.
Konstituzioaren 33. urtemuga dela eta Diputatuen Kongresuan egindako ospakizunetan Bonok azpimarratu duenez, lehen aldia izango da ekitaldia hau "ETAren mehatxu" gabe ospatzen dutela. Hala ere, "langabeziaren arazoa konpontzeak eta horren ondorioak pairatzen dituztenen ekonomiak hobetzen saiatzeak" du lehentasuna.
Kongresuko presidentetzan egindako azken ekitaldi ofizialean Bonok eskerrak eman dizkio Zapaterori, garai konplikatuen Espainiari "onena" eman diolako.
Gainera, Mariano Rajoy Gobernuko presidente berriari "erabakietan abilezia" eta "legealdi berrian guztion onerako ibilaldi emankorra" opa izan dizkio, hori bai, "egoera zailenetan hain beharrezkoa den etsai politikoen babesarekin".
Bonok gogoratu duenez, joan den azaroaren 20an herritarrek "indarrez" hitz egin zuten eta gehiengo batek "Gobernu berri bat eskatu zuen". "Gehiengo berri baten unea da", adierazi du Bonok.
IUk Kongresua utzi du
Ekitaldi ofizialean Autononomia Erkidegoko buruzagi anitz izan dira, tartean, Maria Dolores de Cospedal, Alberto Nuñez Feijoo, Pedro Sanz edo Francisco Alvarez Cascos.
Halaber, Izquierda Unidak Kongresua utzi du, bere esanetan, Konstituzioa "baliorik gabeko papera" delako. Cayo Larak azpimarratu duenez, PPk eta PSOEk adostutako azken erreformak Konstituzioaren balioa "gutxitu" du.
Amaiur, PNV, ICV, Geroa Bai, CiU eta BNG alderdi nazionalistak ere ez dira ekitaldian izan.
Celaa, Eusko Jaurlaritzaren izenean
Patxi Lopez lehendakaria ez da ospakizunetan izan baina Eusko Jaurlaritzaren izenean Isabel Celaa Hezkuntza sailburua izan da bertan. Celaak Konstituzioa defendatu du, Euskadin elkarbizitza eta bakea sendotzeko beharrezkoak diren baloreak bermatzen dituelako.
Konstituzioaren 33. urteurrenaren ospakizunetara iristean, Euskadiko alderdi nazionalistak bertan ez egon izana deitoratu du Celaak. "Konstituzioa askatasun guztien esparrua da", azpimarratu du.
Halaber, sailburuak nabarmendu duenez, ez da ahaztu ETAren indarkeriaren amaiera Zapateroren eta Patxi Lopezen gobernuekin lortu dela.