Politika -
Gainera, istripu bat izan zuen
Gida-baimena kendu diote PPko diputatu bati mozkortuta gidatzeagatik
Auzitegi Gorenak 8 hilabetez gida-baimena kendu eta isun bat ezarri dio Arsenio Pacheco PPko Murtziako diputatu hautetsiari, auto-istripu bat izanda, baimendutako alkohol-tasa gainditzeagatik.
Erredakzioa
Auzitegi Gorenak 8 hilabetez gida-baimena kendu eta 2.400 euroko isun bat ezarri dio Arsenio Pacheco PPko Murtziako diputatu hautetsiari, 2010. urtean auto-istripu bat izanda, Poliziak egindako alkoholemia-kontrol batean baimendutako alkohol-tasa gainditzen zuela agerian geratu ostean.
2004. urtetik da diputatu Pacheco eta aldi berean, farmazia-bulego batean egiten du lan. Jazoera 2010eko ekainean izan zen, Pachecoren ibilgailuak beste baten aurka talka egin zuenean. Autoek kalte gutxi jaso zituzten baina PPko diputatuari alkoholemia-kontrol bat egin zioten eta 0,58 eman zuen.
Jazotakoa onartu du Pachecok eta Fiskaltzarekin akordio batera heldu ostean, aurretik eskatutako zigorra heren batean murriztea lortu du. Alkoholaren eraginpean gidatzeagatik zigortu dute diputatua.
Kongresuari Pachecoren aurka egiteko Auzitegi Gorenak eskaera egin zionean, bere eserlekuari uko egiteko arrazoirik ez zegoela esan zuen Pachecok, bere esanetan, parlamentari izateak gertatutakoarekin harremanik ez zuelako.
Diputatuak "barkamena" eskatu du, hurrengorako ikasi duela eta egindakoaren erantzunkizuna bere gain hartzeko prest dagoela adierazi du, "azken ondorietara" bada ere.