Politika -
Hainbat lehergarrirekin
ETAren zulo bat aurkitu dute Abadiñoko mendi ingurune batean
Ertzaintzaren arabera, detonagailuak, tenporizadoreak, nitratoa eta aluminioa aurkitu dute, materiala egoera onean dago, baina ezkutalekua zaharra da.
Erredakzioa
Ertzaintzak lehergailuak egiteko materiala zeukan ETAren ezkutaleku bat topatu du Abadiñoko mendi ingurune batean. Mendizale batek aurkitu du ezkutalekua eta Ertzaintza ohartarazi du.
Polizia autonomikoak zehaztu duenez, detonagailuak, tenporizadoreak, nitratoa eta aluminioa aurkitu dute, materiala egoera onean zegoen, baina ezkutalekua zaharra da.
Aurten, EAEn eta Nafarroan, guztira bost ezkutaleku topatu dituzte, azkena Bilboko Artxanda mendian, maiatzaren 8an, armak eta material elektronikoa gordetzen zuen ETAk.
Apirilaren 12an, 'Erreka' taldearen aurkako polizia-operazioan, ETAko hiru ustezko kide atxilotu eta 1.600 kilo lehergai atzeman zituzten Legorretako bi baserritan ezkutatuta. Operazio horren harira, hurrengo egunetan beste hiru ezkutaleku topatu zituzten Zegaman, Azpirozen eta Baraibarren.
Martxoaren 1ean, 200 kilo lehergai eta armak aurkitu zituen Guardia Zibilak Galdakaoko etxebizitza bateko azpi batean. Operazio horretan lau lagun atxilotu zituzten.
Horrez gain, Frantzian ere beste bost ezkutaleku topatu dituzte aurten: bana Tolosan eta Dramelayen eta beste hiru Pirinio Atlantikoetan.