Politika -

Terrorismoaren biktimak

ETAren biktimentzako "duintasun demokratikoa" aldarrikatu dute Iruñean

ETAren biktimen izenekin hirian plakak jartzeko, Udalak antolatzen duen hirugarren ekitaldia izan da igande honetakoa.

Jose Luis Prieto Foruzaingoko buruzagi ohiari omenaldia Iruñean. Argazkia: EFE
Jose Luis Prieto Foruzaingoko buruzagi ohiari omenaldia Iruñean. Argazkia: EFE
Jose Luis Prieto Foruzaingoko buruzagi ohiari omenaldia Iruñean. Argazkia: EFE

EiTB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dozenaka pertsonak ETAko sei biktimen senideak lagundu dituzte igande honetan, Iruñean. Udalak omenaldia antolatu du, haien “duintasun demokratikoa” azpimarratzeko eta bizitza galdu zuten tokietan plakak jartzeko.

ETAren biktimen izenekin hirian plakak jartzeko, Udalak antolatzen duen hirugarren ekitaldia izan da. Omenaldian, besteak beste, senitartekoek eta lagunek, terrorismoaren biktimen elkarteek, Maria Chivite Foru Gobernuko presidenteak, Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak eta Inmaculada Jurio Parlamentuko presidenteordeak hartu dute parte.

Enrique Maya Iruñeko alkatea, Navarra Suma (UPN, PP eta Ciudadanos) koalizioa, PSN eta Geroa Baiko ordezkariak ekitaldian izan dira, baita Foruzaingo, Espainiako Polizia, Iruñeko Udaltzaingo eta Guardia Zibileko buruzagi batzuk ere.

Leku bakoitzean, omendutakoen senideek hartu dute hitza, eta Foru Gobernuari kritika argiak egin dizkiote, EH Bildurekin duen harremanagatik. ETAk Jose Luis Prieto Foruzaingoko buruzagi eta militar ohia, Juan Atares eta Julio Gangoso guardia zibilak, Jesus Blanco Noaingo aireportuko langilea eta Juan Jose Visiedo eta Tomas Palacin Espainiako poliziak hil zituen tokietan izan dira.

Haien izenak bertan izateko plakak jarri dituzte. “Egia, memoria, duintasuna eta justizia” aldarrikatu dituzte, ETAren Biktimen Nafarroako Elkartearen (ANVITE) leloa, hain zuzen ere.

Aurreneko lekuan, “gure babesa eta errespetua” eskaini die Enrique Maya alkateak familiei. Era berean, biktima ezagunak gogorarazi ditu, baita “bere garaian aitortza izan ez zutenak” ere. Horregatik, “hilketa guztiak argitzeko lankidetza” eskatu du.

Lehen geldialdian Jose Luis Prieto Garcia gogora ekarri dute. Duela 40 urte hil zuten Barañain Etorbidean, mezara zihoanean. Paz Prieto haren alabak eskerrak eman dizkie bildu diren ia 200 pertsonei, bere anai-arrebak, seme-alabak eta lobak laguntzeagatik.

Gutxi geroago, Gaztelugibelera joan dira, bertan Juan Atares hil zutelako. Luis haren bilobak familiaren izenean eskerrak eman ditu omenaldiagatik, eta biktimak “urteetan zehar ahaztuak eta ia gutxietsiak” izan direla gogorarazi du.

Iruñeko beste hiru tokitan antzeko ekitaldiak egin dituzte, zegokien plaka jarriz, senideen lore eskaintza eta errespontsu batekin. Datozen asteetan ekitaldiak errepikatuko dituzte beste biktima batzuekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea Nafarroa ETA Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Iruñeko Udala Terrorismoaren Biktimak