Politika -

'Gürtel auzia'gatik

Francisco Camps erruztatuen aulkian eseriko da gaur

Herri epaimahai batek epaituko ditu Valentziako Gobernuko presidente ohia eta Ricardo Costa PPko idazkari nagusi ohia.

Francisco Campsen aurkako epaiketari ekingo diote astelehen honetarik aurrera. Argazkia: EFE
Francisco Campsen aurkako epaiketari ekingo diote astelehen honetarik aurrera. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Francisco Camps Valentziako Generalitateko presidente ohia eta Ricardo Costa PPko idazkari nagusi ohia epaitu egingo dituzte gaurtik aurrera, 'Gürtel auzia'ren barnean ustez janzki batzuk jasotzeagatik. Instrukzioak bi urte eta erdi iraun du eta akusatuek 100 helegite inguru aurkeztu badituzte ere, gehiengoak atzera bota dituzte.

Akusatuak eta epaimahakideak izateko hautagaiak 10:00etan bilduko dira epaitegian baina ez diote akusatuen deklarazioei ekingo epaimahai herrikoia osatuta geratu arte.

Camps eta Costa Valentziako 'Gürtel auzia'n ustez janzki batzuk opari gisa jasotzeagatik epaituko dute. Akusazio honen ondorioz, Campsek dimisioa aurkeztu zuen uztailaren 20an eta bost egun ondoren, Jose Flors epaileak ahozko saioari hasiera ematea erabaki zuen. Dimisioa aurkeztean, bere "errugabetasuna" aldarrikatu zuen Campsek baina argitu zuenez, kargua utziko zuen Mariano Rajoyrentzat oztopo bat ez izateko.

Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak 41.250 euroko isuna eskatu die Campsi eta Costari. Akusazio popularrak, berriz, hiru urteko espetxe-zigorra eta zortzi urtebetez kargu publiko bat betetzeko debekua eskatu du.

Baliteke Campsek 12 janzki jaso izana

2005eko amaiera eta 2006ko iraila bitartean bost janzki eta hiru jaka (5.600 eurokoak), 2006ko amaiera eta 2007ko uztailaren artean beste bost janzki eta hiru zapata-pare (5.393,5 eurokoak) eta 2007ko uztailean bi janzki, jaka bat eta zapata-pare bi (2.680 eurokoak) jaso izana leporatu dio Campsi akusazio publikoak. Akusazioen arabera, litekeena da Campsek 14.021,50 euroko opariak jaso izana eta Costak, berriz, 7.325 euroko opariak.

19.000 orriek osatutako prozesu honek bi asteko iraupena izango du epaitegietan. Halaber, Valentziako Generalitateko beste bi buruzagi epaitu dituzte dagoeneko, Victor Campos Generalitateko presidenteorde ohia eta Rafael Betoret Valentziako Diputazioko protokolo arduraduna, alegia. Biek akusazioa onartu eta 9.600 euroko isuna ordaindu zuten. Gainera, Betoretek 13.499 euroko janzkiak itzuli zituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea