Politika -
Auzitegi Nazionala
44 urteko zigorra ezarri diote Iurgi Garitagoitiari, Inaxio Uriaren hilketagatik
Krimena ETAk AHTren aurka egindako kanpainaren parte izan zela ebatzi du Auzitegi Nazionalak. Bestalde, Ugaitz Errazkin absolbitu egin dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Auzitegi Nazionalak 44 urteko espetxe zigorra ezarri dio Iurgi Garitagoitia ETAko kideari, Inaxio Uriaren hilketan parte hartzeagatik. 2008ko abenduaren 3an hil zuen ETAk enpresaburua, Azpeitian (Gipuzkoa). Garitagoitiarekin batera epaitutako beste pertsona, Ugaitz Errazkin, ordea, absolbitu egin dute, haren aurkako frogarik ez dagoelako.
Gainera, Garitagoitiak kalte-ordainak ordaindu beharko dizkie biktimaren senideei, aldez aurretik kondenatuta zeudenekin batera (Manex Castro, Joanes Larretxea eta Beñat Aginagalde ETAko kideak). Hain zuzen ere, 160.000 euro ordaindu beharko dizkiote alargunari, eta 40.000-80.000 euro artean lau seme-alabei.
Auzitegi Nazionalak frogatutzat eman du Garitagoitia eta Errazkin ETAkoak zirela. Lehenengoa kidea zen, eta, bigarrena, kolaboratzailea.
Epaiaren arabera, ETAk Abiadura Handiko Trenarekin lotuta zegoen enpresaburu bat hiltzea erabaki zuen, eta Garitagoitiak eta aldez aurretik kondenatutakoek Inaxio Uria Mendizabal jarri zuten helburutzat.
Hori horrela, betiere epaileen esanetan, 2008ko abenduaren 3an, gutxienez ETAko bi kide Debara joan ziren autoz, eta, bertan, auto baten barruan zegoen herritar batengana joan ziren. Hura mendira eraman eta maletategian sartu zuten.
Orduan, Debara itzuli ziren, eta zenbait orduz Garitagoitiarekin eta taldeko beste kide batekin utzi zuten.
Bien bitartean, Joanes Larretxea eta Beñat Aginagalde Azpeitira joan ziren, eta Inaxio Uria hil zuten, tiroz.
Garitagoitiak eta beste ETAko kideak etxola batera eraman zuten bahituta zeukaten pertsona, eta bertan utzi zuten, lotuta.
Ez dute sinisten kondenatuaren bertsioa
Epaiketan, Garitagoitiak deklaratu zuen ez dituela ezagutzen beste kondenatuak, baina epaileek ez dituzte sinetsi adierazpen horiek.
Auzitegiaren arabera, deklarazio hori “ez dator bat errealitatearekin”, Garitagoitiaren aztarna biologikoak topatu baitituzte atentatua egiteko erabilitako auto batean.
Era berean, ETAk Hernaniko errepikagailu baten aurka egindako atentatu batean ere haren arrasto biologikoak atzeman zituztela gogorarazi dute epaileek, “eta horrek erakusten du [akusatuak] lotura nabaria duela ETAren taldeko gainerako kideekin”.
Hori bai, Aretoak aitortu du ezin dela frogatu kondenatutakoa atentatua izan zen lekuan egon zenik. Hala ere, Uria hiltzeko akordioan parte hartu zuela ondorioztatu du.