Politika -

Estatuaren biktimak

Egiari Zor Fundazioak legea baliatzeko deia egin die polizia-indarkeriaren biktimei

Bestalde, Fundazioak zenbait ekimen antolatu ditu Poliziak Pasaian hil zituen Komando Autonomo Antikapitalistak erakundeko lau kideen oroimenez.

Egiari Zor Fundazioko ordezkarien agerraldia. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Egiari Zor Fundazioko ordezkarien agerraldia.
Egiari Zor Fundazioko ordezkarien agerraldia. ETBko bideo batetik hartutako irudia

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egiari Zor Fundazioak polizia-indarkeriaren biktimak babesteko Eusko Legebiltzarrak onartu zuen legea baliatzeko deia egin du, "giza-eskubideen urraketak jasan dituen inor  babesik gabe gera ez dadin".

Fundazioko ordezkariek agerraldia egin dute goizean Azpeitian, 1984an Poliziak Pasaian hil zituen Komando Autonomo Antikapitalistak erakundeko lau kideen oroimenez antolatu dituen ekimenen berri emateko.

Tasio Arrizabalaga bozeramaileak Estatuaren indarkeriaren "biktima guztiak ofizialki aitortzea" ezinbestekoa dela esan du, eta hala aldarrikatuko dute datorren martxoaren 24an, Egia jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Egunean.  

"Egun hainbat tresna ditugu erabilgarri, tartean Eusko Jaurlaritzaren 12/2016 Legea. Estatuak, zuzenean edo zeharka, erabilitako indarkeriak Euskal Autonomia Erkidegoan, 1979 eta 1999 urteen artean, eragin zituen biktimak aitortzeko eta juridikoki babesteko legea da", azaldu du Arrizabalagak. Halaber, babesa jasotzeko eskabideak aurkezteko epea abenduan bukatuko dela zehaztu du.   

Lege horren babesa eskatu dute, besteak beste, Pasaiako sarraskian Poliziak eraildako lau lagunen senideek.  

"Oso garrantzitsua da eskura ditugun bitarteko guztiak erabiltzea Estatuak Euskal Herriko gatazka politikoan erabili dituen indarkeria mota ezberdinak azalerazteko eta gehiegikeria horien biktimarik babesik gabe ez geratzeko", azpimarratu du.  

Agerraldian, Peio Aizpuruk ere hartu du hitza. Pasaian hil zuten Dioni Aizpururen anaia da. Eraso hura polizia-indarkeriaren inpunitatearen adibiderik garbienetako bat dela adierazi du.  

Bertsio ofizialaren arabera, Pedro Maria Isart, Dionisio Aizpuru, Jose Maria Izura eta Rafael Delas tiroketa batean hil zituzten. Alabaina, handik bizirik atera zen Joseba Merino Komando Autonomo Antikapitalistetako kide izan zenak "enboskada bat" izan zela defendatu du beti, bertsio ofiziala gezurtatuta. Hamarnaka tiro emanda hil zituzten laurak.

Lau militante horien omenez lore-eskaintza egingo dute gaur Azpeitian, eta ekitaldi nagusia larunbatean egingo dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Memoria Historikoa Terrorismoaren Biktimak Polizia abusuen kasuak