Politika -

Auzitegi Nazionala

Sei urteko zigorra Gorka Palaciosi ETAren armak eta lehergailuak gordetzea leporatuta

Durangoko etxebizitza batean zeuden ezkutatuta, eta 1997ko uztailean lehergailuetako batek eztanda egin zuen oharkabean.

Auzitegi Nazionala. Argazkia: EiTB
Auzitegi Nazionala. Argazkia: EiTB
Auzitegi Nazionala. Argazkia: EiTB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak 6 urteko kartzela-zigorra ezarri dio Gorka Palacios ETAko kide ohiari Durangoko etxebizitza batean armak eta lehergailuak gordetzea leporatuta. 1997ko uztailean lehergailuek eztanda egin zuten oharkabean.

Hala ere, Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak absolbitu egin du kalte terroristen delituan, Fiskaltzak hori ere leporatzen baitzion. Gainera, 21 urteko zigorra eskatzen zuen delitu horrengatik.

Auzitegiaren arabera egiaztatuta geratu da Gorka Palaciosek eta bere bikotekideak bi etxebizitza alokatu zituztela, lehenengoa 1996an eta bigarrena 1997an. Bertan, Palaciosek eta ETAko beste bi kidek armak eta lehergailuak gorde zituztela ebatzi du epaitegiak.

Ebazpenean agertzen denez, 1997ko uztailaren 17an, 09:30 aldera, leherketa bat izan zen etxebizitzan granada jaurtigailuaren sistema batean izandako akatsagatik. Horren ondorioz, bertan zeuden ETAko kideek ihesari ekin omen zioten.

Etxebizitza miatzerakoan, Ertzaintzak granadak, jaurtigailuak, Amonala edo bolbora zuten plastikozko poltsak eta bestelako gailu batzuk aurkitu zituen.

Auzitegiak hainbat froga aipatzen ditu Palacios arma gordailuaren eta leherketaren arduradun egiteko: "Lehergailuak aurkitu zituzten bi etxebizitzen alokairu kontratuen izenpetzea, miaketetan aurkitutako objektuetan agertutako hatz-markak eta auzipetuak eskuz idatzitako dokumentu batzuk".

Etxebizitzan izandako leherketaren harira, aretoak adierazi du kalteak eragin izanaren delitua dela, eta ez kalte terrorista, kalteak txikiak izan zirelako eta ez delako egiaztatu kaltea handia izateko edo pertsonak zauritzeko arriskua zegoenik.

Leherketaren ostean, Palaciosek Frantziako Estatura egin zuen ihes, eta bertan atxilotu eta 18 urteko zigorra jarri zioten 2003an.

Behin behinean Espainiaren esku utzi ostean, Auzitegi Nazionalak 83 urteko kartzela-zigorra ezarri zion 2010ean, 2001eko uztailaren 1ean Madrilgo Justizia Ministerioaren aurka egindako atentatuan polizia bat hiltzeagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Presoak ETA Eguneko albisteak Durango Albisteak