Politika -
Bi lurraldeen arteko ituna
Euskadi-Akitania euroeskualdea eratu dute, Europan indartsuago izateko
Patxi Lopez lehendakariak eta Alain Rousset Akitaniako presidenteak itunaren garrantzia azpimarratu dute. Europan eraginkortasuna indartzea du helburu eratu berri den euroeskualdeak.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak eta Alain Rousset Akitaniako presidenteak Euskadi-Akitania euroeskualdea aurkeztu dute. Itun horri esker Europan indar handiagoa lortu eta eraginkorragoak izan nahi dute. Lehendakaritzan izan da euroeskualde berria osatzeko sinadura ekitaldia, bi exekutiboetako ordezkariek batzar bat egin ostean.
Lehendakaritzan izan da euroeskualde berria osatzeko sinadura ekitaldia, bi exekutiboetako ordezkariek batzar bat egin ostean.
Lehendakariak azpimarratu duenez, euroeskualde hau sortuta “ez da inolako mugarik altxatu nahi, Europara zabaldu eta eraginkorragoa" izan baizik.
Horrez gain, Nafarroak Akitaniarekin eta EAErekin kilometro askotan bat egiten duela adierazi du, eta gaur sinatutako estatutuak foru erkidegoaren balizko sarrerara "irekita" daudela azaldu du. "Hori posible izatea gustatuko litzaiguke, baina Nafarroako erakundeen erabakia da hori", esan du.
Etorkizun batean euroeskualde berrian sartzeko aukera Nafarroaren esku utzi eta gero, gaur sinatutako itunaren abantailak azpimarratu ditu lehendakariak. Akitaniarekin batera joanda, besteak beste Europan bakarrik joanda lortu ezin diren laguntzak eskuratzeko aukera azpimarratu du.
Roussetek ere plataforma berriaren helburua mugak haustea dela azpimarratu du. Akitaniako presidenteak Patxi Lopez euroeskualdea sortzeko erabakigarria izan dela adierazi du eta aurreko Jaurlaritzarekin hori lortzeko hainbat saiakera egin zituela esan du.