Politika -
Bilera-sorta
Erregea Amaiurrekin bilduko da gaur
Bilera 12:30ean izango da, Zarzuelan. Koalizio abertzaleak, gainera, talde propioa osatu ahal izango duen jakingo du gaur.
Erredakzioa
Egun garrantzitsua Amaiurrentzat. Gaur jakingo du Kongresuan talde parlamentarioa sortu ahal izango duen eta, gainera, Juan Carlos I.a Espainiako erregearekin batzartuko da, inbestidura saiorako hautagaia proposatzeko estatuburuak abiatutako bilera-sortaren baitan.
Erregeak 12:30ean hartuko du koalizio abertzalea. Bigarren aldia izango da ezker abertzalea Zarzuelara joango dena. Lehenengoa duela ia 20 urte izan zen, 1993an. Garai horretan, Jon Idigoras Herri Batasuneko diputatua joan zen, eta gaur Xabier Mikel Errekondok egingo du.
Amaiur ez ezik, Josu Erkoreka (EAJ), Rosa Diez (UPyD), Cayo Lara (IU), Josep Antoni Duran i Lleida (CiU), Alfredo Perez Rubalcaba (PSOE) eta Mariano Rajoy (PP) ere hartuko ditu gaur Juan Carlos I.ak.
Erregeak ulertu egiten du Amaiur
Atzo, erregea Talde Mistoko ordezkariekin batzartu zen.
Bileren ostean, Compromis-Equok esan zuen erregeak "ulertu" egiten duela Amaiurrek eta UPyDk talde propioa izan behar dutela.
Joan Baldovi diputatuaren esanetan, "erregea ados dago nirekin, Talde Mistoan 23 pertsona bagaude, askok ez dugu ahotsa izango".
Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak ere babestu zuen Amaiurrek taldea izatea, baina gaineratu zuen koalizio abertzaleak ez diola laguntza eskatu.
Alderdi txikien artean, aurka agertu den bakarra UPN izan da.