Politika -

HERIOTZA

Julen Madariaga hil da

88 urterekin hil da, Senperen. ETAren sortzaileetako bat izandakoa, gerora Herri Batasunaren bultzatzaile, Aralarreko fundatzaile eta Elkarriko kide ere izan zen.

Julen Madariaga. EITBren bideo batetik ateratako irudia
Julen Madariaga
Julen Madariaga hil da

1:41

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Julen Madariaga Agirre politikari historikoa hil da bart Senperen, familiako iturriek Euskadi Irratiari baieztatu diotenez. 88 urte zituen eta aspaldian gaixo zegoen.

1932ko urriaren 11n Bilbon jaioa, ibilbide politiko luzeko gizona izan da. ETAren hazia izan zen Ekin taldearen sortzaileetako bat izan zen, gerora Herri Batasuneko bultzatzaile eta kide, Aralarreko fundatzaile eta Elkarriko kide ere izan zen.

1936ko Gerra Zibila tarteko, familiarekin batera erbestera joan behar izan zuen. 1942an itzuli zen Txiletik Bilbora. Zuzenbidea ikasi ostean, Cambridgeko Unibertsitatean egin zuen doktoretza.

ETAren ernamuina izan zen Ekinen sortzaileetako bat izan zen eta Burgosko prozesuan epaitu zuten.

Ipar Euskal Herrian finkatu zuen bere bizilekua. 1989an lau urteko espetxe zigorra eta Ipar Euskal Herrian 10 urtez bizitzeko debekua ezarri zioten ETAri laguntzea leporatuta.

1995ean Herri Batasuna utzi zuen ETAk Gregorio Ordoñez PPko politikaria hil ondoren. Borroka armatuaren erabilera baztertu zuen, Aralarren sorreran parte hartu zuen eta gerora Elkarriko kide ere izan zen.

Erreakzioak

EH Bilduko hainbat ordezkari politikok Julen Madariaga gogoan izan dute sare sozialetan zabaldutako mezuetan.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak "abertzale eta gure herriaren askatasunarekin" konprometitutako pertsona gisa gogoratu du. Aldi berean, doluminak eman dizkie senide eta lagunei.

Maddalen Iriarte EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak honela agurtu du: "Ezagutu dugun historiaren zatiak, pertsonak desagertzen direnean... Agur Julen!".

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusi eta EH Bilduko legebiltzarkideak Julen Madariagak bizitza osoan zehar "gure herriaren askatasunaren alde" egindako borroka goraipatu du.

Rebeka Ubera egun EH Bilduko legebiltzarkide eta Aralarreko idazkari nagusi izandakoak eskerrak eman dizkio "herriari emandako guztiagatik".

Patxi Zabaleta Aralarreko sortzaile izandakoak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan azpimarratu duenez, ETAren sortzaile gehienek Aralarren amaitu zuten. "Oso argi zeukaten, Julen Madariagak ere bai, eta onartzen zuten abertzaletasuna anitza dela, eskuina eta ezkerra dituela, eta eskuinak eta ezkerrak beren lehia dialektikoa izan behar dituztela herri honek aurrera eginen baldin badu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eguneko albisteak Albisteak