Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Erkorekaren ustez, 'akats politikoa' da Amaiurrek taldea ez izatea
EAJk Kongresuan duen bozeramaileak, halaber, Rajoy Gobernuko presidente izateko inbestidura ekitaldian jeltzaleek aldeko botoa emateko "aukerarik ez dagoela" azaldu du.
Erredakzioa
Amaiurrek talde propioa ez izatea "akats juridikoa" baino "akats politikoa" dela iritzi dio Josu Erkoreka EAJren Diputatuen Kongresuko bozeramaileak.
Bere ustez, "ikuspegi juridikoari erreparatuz gero, Mahaiko arduradunaren aldetik eskuzabaltasun keinu baten beharra" zegoen, "Amaiurrek talde parlamentarioa sortzeko eskubidea ez baitzegoen argi", erantsi du. "Borondate politikodun keinu baten beharra zegoen, mahaian gehiengoa duenaren keinua, eta ez da hori gertatu", azpimarratu du.
Bere ustetan, CIUko eta PSOEko ordezkariek abstentzioa hautatu zuten "ein batean, ebazpenak oinarri juridikoa duela" onartzen dutelako, "baina erabakiaren azpian dagoen balorazio politikoarekin" bat ez datozelako.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, bestalde, bere alderdiak Mariano Rajoy Gobernuko presidente izendatzeko inbestiduran aldeko botoa emateko aukerarik ez dagoela esan du. Baina zer egingo duten oraindik ez dutela erabaki erantsi du.
Rajoyren inbestidurari begira EAJk PPrekin ez duela "inolako kontaktu ofizialik" izan esan du Erkorekak, "baina baietzaren hipotesia ia erabat baztertu daiteke" erantsi du.
"Abstentzioaren eta ezetzaren artean ibiliko gara PPren datorren legealdirako asmoen berri zehatzagorik jakin artean", esan du.