Politika -

Inbestidura-eztabaida

Rajoy presidente izateko inbestiduraren lehen saioa, gaur Kongresuan

Mariano Rajoyk bere Gobernua zein izango den argituko du eta presidente izendatu ostean krisiari aurre egiteko hartuko dituen neurri ekonomikoak ere zehaztu ditzake. Saioa 12:00etan hasiko da.

Rajoy eta emaztea, azaroaren 20an lortutako garaipena ospatzen. Argazkia: EITB.
Egutegia: Aste erabakigarria Rajoyrentzat

01:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko saioa 12:00etan hasiko da. Diputatuen Kongresuan egingo den eztabaida horretan, krisi ekonomikoari aurre egiteko hartuko dituen neurriak zeintzuk izango diren zehaztuko duela espero da.

Rajoyk berak ohartarazi zuen neurri gogorrak izango direla, baina ziur agertu zen espainiarrek ulertuko zituztela. Aipatu neurrien inguruko xehetasun guztiak gaur azalduko dituen ez dago oso argi, izan ere, Alderdi Popularrak adierazi duenez, horietako batzuk indarrean jarri baino lehen ezinbestekoa da Estatuaren aurrekontuak zehatz-mehatz ezagutzea. Bestalde, Rajoyk bere Gobernua zein izango den argituko duela espero da, izenik emango ez duen arren. Alfredo Perez Rubalcabak leialtasuna agertuko dio, baina "marra gorri batzuk" markatuko dizkio, hala nola, ongizate Estatua bermatzea eta hezkuntza eta osasun sektoreetan oinarrizko zerbitzuak mantentzea.

Lehen saioa

Rajoyk 12:00etatik aurrera iragarriko du Gobernuko bere programa, eguerdi aldera Kongresuko tribunara igo eta inbestidura eztabaidari hasiera ematen dionean. Lehenengo hitzaldi horren ostean, saioa eten egingo dute eta 16:00etatik aurrera oposizioko taldeen txanda izango da; handienetik txikienera. Gauzak horrela, eta aurreikusitakoaren arabera, Rajoy Alfredo Perez Rubalcabarekin (PSOE), Josep Antoni Duran i Lleidarekin (CiU), Cayo Lararekin (IU) eta Rosa Diezekin (UPyD) arituko da eztabaidan.

Ofizialki, inbestidura saioa erregeak egindako hautagai-proposamenarekin hasiko da. Proposamen hori Jesus Posada Kongresuko presidenteari emango dio. Bukaera asteartean izango da, Rajoyk alderdi guztiei erantzuten dienean eta diputatuek boza ematen dutenean. Boza banan-banan emango dute, zutik jarrita, ahots ozenez.

PPko liderrak ez du arazorik izango lehen botazioan aukeratua izateko, gehiengo osoa ematen duten 176 botoak baino 11 gehiago baitauzka: PPren 185, UPNren bat eta Foro Asturiasen beste bat. Behin inbestidura lortuta, erregeak Gobernuko presidente izendatuko du.

10 minutuko erantzunak

Rajoyk edozein momentuan hitza eskatzeko aukera izango du, eta nahi beste denboran hitz egiteko baimena dauka. Gainontzeko alderdietako bozeramaileei banan-banan erantzuten dien ala ez ere erabakitzeko aukera du. Dena dela, alderdien ordezkariek 10 minutu izango dituzte Rajoyri erantzuteko.

Rajoyri erantzuten lehena Alfredo Perez Rubalcaba Talde Sozialistaren bozeramailea izango da. Ondoren, Josep Antoni Duran i Lleida CiUko ordezkariak hitz egingo du eta horien ostean, IUko Cayo Lara, ICVko Joan Coscubiela eta CHAko Chesus Yuste.

Horien ondoren UPyDko Rosa Diezen eta Foro Asturiaseko Enrique Alvarez Sostresen txanda izango da, izan ere, bi alderdi horiek taldea partekatuko dute eztabaidan.

Asteartean: EAJ, Talde Mistoa eta PP

Asteartean, saioa Josu Erkorekak (EAJ) hasiko du. Ondoren, Talde Mistoko ordezkariek hitz egingo dute, eta azkenik, Alfonso Alondo Talde Popularreko bozeramaileak.

Behin botazioa eginda, Jesus Posada Kongresuko presidentea Zarzuela Jauregira joango da erregeari botazioaren emaitzaren berri emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea