Politika -
Inbestidura-eztabaida
Alor publikoko langileak ez dituztela ordezkatuko iragarri du
"Administrazio bat, eskumen bat" oinarri izanda, erreforma sakona egingo duela iragarri du.
Erredakzioa
Sektore publikoaren erreforma izango da PPren Gobernuaren lehen neurrietako bat. Mariano Rajoyk inbestidura-eztabaidan egin duen hitzaldian adierazi duenez, ez du langile publikoen kopurua handituko, Estatuko Segurtasun Indarretan eta Oinarrizko Zerbitzu Publikoetan izan ezik.
Rajoyk azaldu duenez, erakunde autonomikoak, agentziak eta beste hainbat erakunde publiko ezabatuko dituzte eta Administrazioaren funtzionamendu gastuak ere murriztuko dituzte.
Autonomi erkidegoekin elkarlanean, ondasunen eta zerbitzuen zirkulazio libreak oztopoak izan ez ditzan, baimen eta lizentzia onarpenak egiteko sistema bat sustatuko duela esan du Rajoyk.
Horrez gain, erakunde erregulatzaile kopurua murriztuko duela esan du eta erakunde horietako kideak izendatzeko Kongresuak parte hartuko duen sistema berria proposatuko duela gaineratu du.
Telebista publikoen erreforma
Alderdi popularreko buruzagiak, telebista publikoen erreforma Diputatuen Kongresura "berehala" eramango duela esan du. Horrela, gastuak aurreztu eta kudeaketa eredu berriak proposatu nahi ditu. Gainera, RTVEko administrazioko kontseilua hiru hilabeteko epean berritzeko prozesua hasiko duela esan du.
Estatuko Irratitelebistarako Legearen arabera, kontseiluko kideen aukeraketa Parlamentuko bi herenen esku dago. Egungo Administrazio Kontseiluak 2007ko urtarrilaren 15ean hasi zuen agintaldia eta legearen arabera, 12 kideak hiru urtean behin ordezkatu behar dira. Ordurarte, berritze hura ez da eman.