Politika -
Gabonetako Diskurtsoa
Erregea: 'Jarduera gaitzesgarriak epaitu eta zigortu behar dira'
Halaber, "portaera bidegabeak" ez orokortzeko, politikariei "batasuna eta egoeraren neurrian" jarduteko eta ETAk armak entrega ditzala eskatu du.
Erredakzioa
Juan Carlos Erregeak arduradun publiko guztiek izan behar duten "portaera eredugarria" babestu du eta, gogoratu duenez, "justizia berdina da guztiontzat", hori dela eta, "edozein portaera gaitzesgarri legearen arabera epaitua eta zigortua izan behar da". Erregeak Urdangarin eta Noos Institutuarekin izandako polemika aipatu gabe egin ditu adierazpenok.
Bestalde, bere hitzaldiaren lehenengo zatia, eta luzeena, krisi ekonomikoari buruz hitz egiten eman du. Krisitik irteteto "hitz egiteko eta egoerak eskatzen duen neurrira" egoteko eskatu die politikariei. Bide batez, "apaltasunarekin" Espainiak huts egin duen gauzetan errua onartzea ere eskatu du.
Testuinguru horretan, "zintzotasunez eta errealismoz" zuzendu zaio gizarteari, "Espainiako herritarren bertuteetan" konfiantza erakutsita. Susperraldi ekonomikorako bidea ez dela motza, ezta erraza izango ere adierazi du, eta "sakrifizioak" eskatuko dituela gaineratu du.
Mintzaldian, krisiaren izaera orokorra nabarmendu du, baita Europar Batasunaren garrantzia ere, baina egoerak "perfil nazionalaren berezko izaera" ere baduela gogorarazi du. Helburutzat langabeziaren kontrako borroka izan behar dugula esan du.
Erregearen hitzetan, langabezia da egoera ekonomikoaren alde "mingarriena". "Herritarrak, instituzioak eta erakunde publikoak ahalegin handia egin behar dute langabeen eta euren familien alde", esan du.
Diskurtsoaren hirugarren gaia terrorismoa izan da, ETAk jarduera armatua behin betiko utzi duela iragarri ostean; bandari armak uzteko dei egin dio.
"Terroristek euren arma hiltzaileak entregatzeko eta gure bizitzatik behin betiko desagertzeko garaia heldu da", adierazi du Erregeak. Estatuburuaren ustez, indar demokratikoen "batasuna"k eta "irmotasuna"k indarkeriaren bidez helburu politikoak lortzeko terroristen "asmo jasanezin"ekin amaitu dute.
Erregeak terrorismoaren biktimak gogoratu ditu, eta "gizarteak haiekin esker oneko zor iraunkorra" duela esan du. Halaber, biktimentzako "justizia eta konponketa" eskatu behar dituela esan du.
Juan Carlosek etorkizuneko erronkei aurre egiteko batasuna eskatu du. "Batuta egon gaitezen. Espainiak hori merezi eta behar baitu", nabarmendu du, eta "espainiarrok garai honek eskatzen dituen neurrira" egongo garela gaineratu du.