Publizitatea
Itxi

2021/05/03

16:22

Politika

Auzitegi Nazionala

13/13 sumarioaren makro-epaiketa uztailaren 12an hasiko da Auzitegi Nazionalean

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Fiskaltzak 7 eta 19 urte arteko kartzela-zigorrak eskatzen ditu zortzi auzipetuentzat. Euren atxiloketarekin ezker abertzalearen estrategia aldaketa zapuztu nahi izan zutela salatu dute zortziek.

  • Auzipetuek agerraldia egin dute Bilbon.

    Auzipetuek agerraldia egin dute Bilbon. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

13/13 sumarioaren makro-epaiketa uztailaren 12an hasiko da Espainiako Auzitegian, zortzi auzipetuak atxilotu zituztenetik 11 urte igaro direnean. Zortziek azpimarratu dute epaitutako auzia dela eta aitortu dute Fiskaltzarekin akordio batera heltzeko borondatea dutela. Zazpi eta 19 urte bitarteko espetxe-zigorrak eskatzen dituzte akusatuentzat.

Auzipetuetako seik -Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain, Julen Zelarain, Iker Sarriegi, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi- agerraldia egin dute Bilbon. Garai hartan Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) kideei "agertoki politiko berrira egokitzeko"  laguntzen zietela adierazi dute.

Halaber, uztailaren 10ean, Donostian eta Bilbon manifestazio bana antolatuko dituztela eta alderdi politikoekin, sindikatuekin, erakundeekin eta eragile sozialekin elkarrizketak abiatuko dituztela iragarri dute.

Julen Zelarainek nabarmendu du dagoeneko 11 urte igaro direla Guardia Zibilak beraien aurkako polizia-operazioa burutu zuenetik eta gogora ekarri du torturak eta tratu txarrak jasan zituztela.

Horrez gain, esan du epaiketa hau ez litzatekeela inoiz egin beharko, auzipetu gehienak beste auzi batzuetan delitu berdina egotzita epaituak izan direlako eta ezarritako zigorrak bete zituztelako. Era berean, ETAk borroka armatua amaitutzat eman zuenetik 10 urte pasatu direnean horrelako epaiketa bat egitea "onartezina" dela adierazi du.

Fiskaltzarekin akordio bat egiteko aukeraz galdetuta, Zelarainek esan du egungo egoera politikoa sendotzea dela euren helburua eta bide horretan prest egongo liratekeela balizko itun bat egiteko.

"Gure borondatea erabatekoa da, baina gaur egun ez dago inolako akordiorik. Eta ez dakigu Fiskaltzak horretarako asmorik duen ala ez", ohartarazi du.

Bestalde, Nerea Redondok eta Saio Agirrek irakurri duten adierazpenean, gogora ekarri dute atxiloketak ezker abertzalea "konfrontazio armaturik gabeko agertoki berri bat eraikitzeko" lanean ari zenean gertatu zirela eta, beraz, polizia-operazio hark estrategia aldaketa zapuztea bilatzen zuela. "Gure ekarpena kolektiboko presoei agertoki politiko berrira egokitzeko laguntza ematea zen, agente aktibo bilakatu zitezen", erantsi dute.

"Atxiloketa haiek helburu horiek zapuzteko egin ziren, CNIren parte-hartzearekin, babes juridikorik gabe eta frogak manipulatuta", salatu dute.

Gauzak horrela, Auzitegi Nazionalak "iraganeko salbuespeneko tresna" izaten jarraitzen duela kritikatu dute, "epaiketa hau garaiz eta tokiz kanpo" dagoela azpimarratuta.

Amaitzeko, presoak etxera itzultzeko eta gatazkaren ondorioak konpontzeko garaia dela nabarmendu dute. "Euskal gizarteari aukera berriak irekitzeko garaia da, askatasunerako eta demokraziarako garaia", adierazi dute.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena