Politika -
Ostiraleko protestagatik
NaBai, Bildu eta I-E zigortuko ditu Nafarroako Parlamentuko mahaiak
Datozen sei hilabeteetan, hiru talde horiek ezin izango dute gonbidaturik eraman osoko bilkuretara.
Erredakzioa
Alberto Catalán Nafarroako Parlamentuko presidenteak proposatuta, mahaiak iragan ostiraleko osoko bilkuran izandako protestak "larritzat" jo ditu (Oinarrizko errentaren aldeko protestak izan ziren) eta protesten alde egin zuten taldeak zigortzea erabaki du (Nafarroa Bai, Bildu eta I-E).
Datozen sei hilabeteetan, hiru talde horiek ezin izango dute gonbidaturik eraman osoko bilkuretara. Horrez gain, eserlekuetatik protesta egin zuten pertsonak ezin izango dira legealdi osoan Nafarroako parlamentura sartu.
Ostiraleko saioan, Alberto Catalanek osoko bilkura bertan behera utzi behar izan zuen minutu batzuetan, Oinarrizko Errentaren Aldeko Plataformako kideek Elena Torren Gobernuko Gizarte-politika arduradunaren hitzaldia eten egin zutenean.
Catalanek Parlamentutik bota zituen Victor Rubio Bilduko parlamentariarekin batera.
Protestek Bildu, Nafarroa Bai eta Izquierda-Ezkerra taldeen babesa izan zuten eta Torres gizarteratze errentaren legearen aldeko proiektua defendatzen ari zela hasi ziren.
Hiru taldeak zigortzeko proposamenak UPN eta PSNren aldeko botoak jaso ditu. NaBaik eta Bilduk zigorraren aurka bozkatu dute.