Politika -
Lehendakaritzan
Lopez: '2012ak askatasuna eta enplegua sendotzeko urtea izan behar du'
Lehendakariak Gabonetako ohiko hitzordua egin du Lehendakaritzan. Patxi Lopezen hitzetan, "gure amesgaizto txarrena gainditu dugu", eta hauek izango dira "ETA gabe ditugun lehen Gabonak"
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariaren hitzetan, ETAren amaiera "sendotasunez eta eskuzabaltasunez" kudeatu behar da.
Halaber, Patxi Lopezek "bidezko eta egiazko" memoria eraikitzeko garrantzia azpimarratu du, eta biktimak eta hiltzaileak ez nahasteko eskatu du. Ildo horretan, "ETAren erantzukizuna desagertzea" ez dutela onartuko esan du.
Lehendakariak Lehendakaritzako ateak zabaldu dizkio euskal gizarteari Gabonetako ohiko hitzorduan.
Krisi ekonomikoa izan da lehendakariaren hitzaldiaren bigarren ardatza. 2012a "enpleguaren urtea bilakatzeko guztiok" ahalegin bat egin behar dugula esan du Patxi Lopezek. "Ziur nago lortuko dugula, euskaldunak batu egiten garenean geldiezinak garelako", gaineratu du.
Lehendakariak 2011 urteko balantzea egin du, eta urte gogorra eta zaila izan dela esan du. Halaber, krisiaren ondorioz, familiek, enpresek eta erakundeek "sufrimendu handia" pairatu dutela esan du. Hala ere, itxaropen urtea izan dela esan du, ETAk ekintza armatua uzten duela iragarri duelako.
Lehendakariaren hitzetan, ETAren erabakiarekin, "euskaldunok gure amesgaizto txarrena gainditu dugu"; halaber, "ETA gabe eta askatasunean igaroko ditugun lehen Gabonak" direla azpimarratu du. Lehendakariak erabakiak tentuz eta adimenez hartzearen alde egin du. "Garai berria indartzen laguntzen gaituzten erabakiak hartu behar ditugu". Ildo horretan, "sendotasuna eta eskuzabaltasuna" erabili behar direla gaineratu du.
Bidezko eta egiazko memoria
Patxi Lopezek terrorismoaren biktima guztientzako hitz bereziak izan ditu, eta memoria aldarrikatu du; izan ere, euskal gizartearen eraikuntzan "erreferente etikoa" dira. "Ez dugu inoiz ahaztuko, gure taldearen barnean daudelako", gaineratu du.
"Ezin gara amnesia kolektiboan jausi eta hutsetik hasi jasan dugun sufrimenduarekin", azaldu du.
2012a, "enpleguaren urtea"
Lopezek urtea enplegurik gabe hasiko duten 140.000 euskaldunak gogoratu ditu; halaber, gazteak eta epe luzeko langabeak gogoratu ditu. "Horiek dira gure ardura nagusia eta horiei zuzenduko ditugu gure ahalegin handienak", esan du.
"Gure aldetik, ahalegin berezia egingo dugu, eta Eusko Jaurlaritzako sail guztietan murrizketak egingo ditugu, ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko, hori baita gure lehentasuna", azaldu du.