Politika -

Hautagaitzaren aurkezpena

Rubalcabak ere hauteskunde-primario irekiak nahi ditu

Ministro ohiak esan du ez duela aurkaririk alderdiaren barruan, lagunak eta kideak baizik. Aldaketan eta batasunean oinarritutako proiektu bat proposatu du.

Rubalcabak dio ez duela aurkaririk alderdi barruan, kideak eta lagunak baizik. Argazkia: Efe
Rubalcabak dio ez duela aurkaririk alderdi barruan, kideak eta lagunak baizik.
Rubalcaba, PSOEko liderra izateko lehen hautagaia

00:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren idazkari nagusi izateko hautagaia hauteskunde-primarioak jarraitzaileei ere irekitzearen alde agertu da, atzo Carme Chacon ministro ohiak eta ziurrenik idazkari nagusitarako aurkeztuko den beste hautagaiak egin zuen moduan.

Rubalcabak iritzi hori agertu du bere hautagaitza aurkezteko UGTren egoitzan egin duen ekitaldi batean.

Gobernuko presidente ohiak azaldu duenez, hauteskundeetako porrotaren ondoren, PSOEk gauza asko aldatu behar ditu, eta ordezkariak aukeratzeko moduaz gain, beste gauza asko ere bai.

Horren harira, kide sozialista zenbaitek (Carme Chacon bera tarteko, baina ez du bere izena aipatu, eta Tomas Gomez, ekitaldian zegoena) primario irekiak proposatu dituztela aitortu du, eta beretzat hori aukera "ezinhobea" dela esan du, alderdiko kultura politikoa aldatze aldera.

Orain arte, PSOEko afiliatuek Gobernuko presidenterako, erkidegoetarako eta alkatetzarako hautagaiak aukeratzen zituzten, baina jarraitzaileek ezin zuten prozesu horietan parte hartu.

Primario irekiak jarrita, jarraitzaileek ere parte hartuko dute prozesuan, Frantziako Alderdi Sozialistak egiten duen moduan.

"Ez da milioika espainiarrek gure hautagaia aukeratzeko prozesuan parte hartzea bakarrik, baizik eta denak alderdiaren bizitzari lotuak egotea", berretsi du Rubalcabak.

Ez du aurkaririk, kideak baizik

PSOEren idazkari nagusi izateko hautagaiak, bestalde, argi esan du alderdiaren barruan ez duela aurkaririk, kideak eta lagunak baizik. Era berean, bere hautagaitzaren oinarriak aldaketa eta batasuna izango direla azpimarratu du.

UGTren egoitza jendez lepo zegoen aurkezpenean, babesa emango ez dioten kideak ere (Tomas Gomez, Jose Maria Barreda eta Roberto Jimenez besteak beste) bertan zeuden, eta Rubalcabak esker ona agertu die denei.

"Badakit bereizten aurkarien eta kideen artean, eta PSOEn ez dut aurkaririk", azpimarratu du Rubalcabak Carme Chacon ministro ohiaren izena aipatu gabe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea