Politika -
Prentsaurrekoa
Gernikako Akordioak euskal herritarrak 'entzutea' eskatu dio Rajoyri
Sinatzaileek adierazi dutenez, "eszenario berri honetan aurre egiteko presoen oinarrizko eskubideak errespetatzea" da eman beharreko lehenengo urratsa.
Erredakzioa
Gernikako Akordioaren sinatzaileek Gobernuari eta PPri "euskal gizartearen ahotsa entzun" eta "aurrera pausoak emateko" eskatu diete. Lehen urratsa ETAko presoei ezartzen zaien karpzela-politika krudela aldatzea izan beharko litzateke.
Gernikako Akordioko 15 kidek prentsaurrekoa eman dute Bilbon 2011ko balantzea egiteko. Lorena Bilbao euskaraz aritu da eta Jon Garai, aldiz, gaztelaniaz. Urtea "gatazkaren biktima guztiei aintzatespena agertuz" itxi nahi dutela adierazi dute.
Gernikako Akordioaren sinatzaileek, ezker abertzalea, EA eta Aralar, besteak beste, Mariano Rajoy presidenteari eta haren Exekutiboari "esandakoen eta euren printzipioen gatibu izateari uzteko" eskatu diete.
"Eszenario berri honetan aurre egiteko, zuek ere urratsak ematen hasi behar duzue" eta "lehen urratsa presoen oinarrizko eskubideak errespetatzea" izan behar dela azpimarratu dute.
Presoen hurbiltzea
Horrekin batera, gaixotasun larriak dituzten presoek, "zigorra beteta dutenek" eta behin-behineko askatasuna lortzeko baldintzak betetzen dituztenak aske utzi ditzatela eskatu dute, eta gainontzeko ETAko presoak "Euskal Herriko kartzeletara berehala eramatea".
Gernikako Akordiokoen ustez, 2011 "itxaropenaren urtea" izan da "Donostiako Nazioarteko Konferentzia egin delako" eta, batez ere, ETAk urriaren 20an hartutako erabaki historikoagatik: borroka armatua behin betirako uztea, alegia.