Politika -

Gabon zaharreko mezua

Urkullu: 'Lehendakariaren mezuak promozio bideoa zirudien'

Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentearen ustez, lehendakariaren mezua "agortuta dagoen legegintzaldiaren ziurtagiria da".

Iñigo Urkullu Durangon. Argazkia: EITB
Iñigo Urkullu Durangon. Argazkia: EITB
Urkullu: 'Lehendakariaren hizketaldiak bideo promozionala dirudi'

00:56

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lehendakariaren Gabon zaharreko mezuak "promozioko bideoa zirudien" EAJren EBBko presidentearen ustez, "agortuta dagoen legegintzaldiaren ziurtagiria da". Patxi Lopezen "apaltasun eza" kritikatu du Urkulluk eta "besteei zereginak jartzea" aurpegiratu dio.

Komunikabideen aurrean Durangon (Bizkaia) egin duen agerraldian, jeltzaleen buruzagiak "promozio bideoaren aurrean” zer esan ez dakiela gelditu dela esan du, "lehendakari baten mezua baino gehiago, hauteskunde kanpainako iragarkia zirudien", gaineratu du.

Bere ustez, Euskadik "lidertza" gehiago behar du, "elkarbizitzaren eta aro berriaren alde lan egiteko".

Lopez errealitate politikotik urrun eta isolatuta dagoela uste du ezker abertzaleak

"Urte amaierako diskurtsoan egoera politikoaren inguruan lehendakariak egiten dituen adierazpenek berriro ere agerian uzten dute Patxi Lopez gure herriko errealitate politiko eta sozialetik erabat aldendu eta bakarturik bizi dela", ezker abertzalearen ustez.

Lehendakariak "alde bakarreko irakurketa" egin du ezker abertzalearentzat. Ohar batean diotenez, "beste behin, lehendakariak interes handiagoa du bere kontakizun propioa helaraztean, Euskal Herrian ireki den aro berriari ekarpen positiboak egitean baino".

Aralarrek lehendakariaren "ezintasuna eta norabide eza" kritikatu du

Ohar baten bitartez, Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkideak esan du Patxi Lopezek "kanpo ikuskatzaile moduan" hitz egin duela, "lehendakari bezala egin beharrean".

"Herrialde honen bi erronka nagusiei aurre egin gabe jarraitzen du: bake iraunkorra lortzea eta krisi ekonomikoa gainditzea".

Patxi Lopezen "Gabonetako azken mezua" izan behar du aurtengoak, EBrentzat

Ezker Batuaren bozeramaileak, Jose Navasek, esan du aurtengo mezuak Patxi Lopezen "Gabonetako azken diskurtsoa" izan behar duela, "bere Gobernua ahuldu eta ETA amaitu eta gero Euskadin eratu den mapa politikoaren ondorioz".

Ohar baten bitartez, "lidertzarik gabeko mezua" dela esan du Ezker Batuak eta Euskadiko bake prozesuari aurre egiteko eta krisi ekonomikoa gainditzeko udaberrian edo udazkenean hauteskundeak deitu beharko lirateke euren ustez.

'Ausarta izatea' eskatu dio Urizarrek lehendakariari

Bestalde, Pello Urizar EAko idazkari orokorrak "ausarta izatea" eskatu dio lehendakariari, baita "prozesuari ekarpenak egitea ere". Urte zaharreko mezua kritikatu du Urizarrek "gatazka politikoari" egiten dizkion erreferentzia "eskasengatik", eta "ETA ez dagoen garai honetan arazo politikorik ez dagoela pentsatzeagatik".

Patxi Lopezen agerraldia, Lehendakaritza amortizatuta dagoela uste duenarena dela esan du Urizarrek ohar baten bitartez, baita "soilik hauteskundeak deitzera zain dagoenarena" ere.

"Dezepzionatuta" dagoela esan du, izan ere, bere ustez, agerraldi ofizialean "gatazkaren irtenbidearen inguruan hitz egin beharko luke lehendakariak". "Ausardia falta izan zaiola ematen du", gaineratu du.

"Gatazka politikoaren erreferentziak eskasegiak izan dira", Pello Urizarren ustez, eta "ETA ez dagoen garai honetan arazo politikorik ez dagoela eman nahi du aditzera, nahiz eta badakien arazo politikoak indar handiagoa duela ETAren indarkeria ez dagoen garai honetan".

Beste batzuetan, Patxi Lopezek "legeztapenari eta presoak hurbiltzeari buruz" hitz egin duela ekarri du Urizarrek gogora, baina Urtezaharreko mezuan "2012ko agenda markatuko duten gaiak urrutitik" aipatu dituela uste du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea