Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
LABek ohartarazi du aurrekontuek 'krisi gehiago' eragingo dutela
Ainhoa Etxaidekesan du Jaurlaritza "azkenetan" dagoela eta "gastu sozialaren murrizketan eta sektore publikoaren ahultzean" oinarritutako aurrekontuak egin dituela.
Erredakzioa
Ainhoa Etxaide LABen idazkari nagusiak esan du Eusko Jaurlaritza "azkenetan" dagoela eta kritikatu egin du "duela bi urte eta erdi hasitako bidetik" hartzen dituela neurri ekonomikoak. Era berean, onartutako aurrekontuek "krisi gehiago" ekarriko dutela ohartarazi du, "gastu sozialean eta sektore publikoaren ahultzean oinarrituta" baitaude.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, Kutxabanken sorrera "ez da erabaki zuzena izan, proiektuaren helburua banku handi bat egitea baita, gainerako bankuekin lehian aritzeko".
Lehendakariaren Urte Zaharreko mezua ez zuela ikusi aitortu ondoren azaldu duenez, Jaurlaritzak "ez du krisitik ateratzeko aukerarik sortu eta murrizketetan oinarritzen da. Onartu dituzten aurrekontuek krisi gehiago ekarriko dute, izan ere, gastu sozialaren murrizketan eta sektore publikoaren ahultzean oinarritzen dira".
Etxaideren arabera, Jaurlaritzak "neurri zehatzak ezkuta ditzake", baina ezingo du ezkutatu "ez direla politika ekonomikoak aldatzeko gai eta krisia eragin dutenei 'aski da' esateko gai".
"Neurriak eta proposamenak onartezinak dira eta zerbitzu publikoei kalte larria egiten diete. Dekretuz onartu behar dituzte eta mobilizazioekin eta presioarekin erantzungo dugu", iragarri du LABen idazkari nagusiak.
Bake prozesua
Etxaidek uste du gobernuak bake prozesuarekin "espekulatzen" ari direla, izan ere, ez omen dute "pausorik eman edo erabaki positiborik hartu prozesuak aurrera egin dezan eta egonkortu dadin". Horren harira, "presio soziala" jartzearen aldeko apustua egin du egoera iraultzeko.
LABen eta ELAren "urruntzea" ez da "Bilduk presentzia duen erakundeetara mugatu" eta egungo egoeran LABek "pauso berriak emateko eta gure aldarrikapenetarako beste espazio batzuk sustatzeko aukera" ikusten du.
"Gobernuak bake prozesuarekin espekulatzen ari direla ikusten dugu eta haiek nahi dituzte denborak kudeatu, baina herri honetan pausoak ematen ari dira eta errealitate berri bat sortu da", adierazi du Etxaidek.
Auzitegi Nazionalak Egin Dezagun Bidea ekimenak urtarrilaren 7an Bilbon egingo duen manifestazioari jarritako baldintzei buruz, Etxaidek azpimarratu du oraindik "errepresio politikaren" bidetik ari direla erabakiak hartzen, eta hori gainditu egin behar dela, "oztopoa baitira prozesuan aurrera egiteko".