Politika -
BIZKAIKO PP-REN XV. KONGRESUA
Raquel Gonzalez Bizkaiko PPko presidente hautatu dute berriro, botoen % 79rekin
Carlos Iturgaizek azpimarratu duenez, emaitzak "PPren zuzendaritza erregionalaren eta nazionalaren berme osoa du".
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Raquel Gonzalez Bizkaiko PPko presidente izendatu dute berriro larunbat honetan, alderdiaren ezohiko XV. Kongresuan, botoen % 79rekin. Datozen lau urteetan izango du kargu hori.
Gonzalezen hautagaitza baino ez da izan Bilbon egindako kongresuan. Hautatua izan ondoren, "aro berri bat ireki" dela defendatu du hitzaldian, "erronka zailekin, baina ezinezkoak ez direnekin".
Gonzalez PPren bozeramailea da Bilboko Udalean, baita Casadoren PPren zuzendaritza nazionaleko kide ere.
Bizkaiko buruzagiak oso diskurtso kritikoa egin du abertzaletasunarekiko, eta Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidentearen kudeaketa goraipatu du.
Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko presidenteak esan du Gonzalezek lortutako emaitzak "PPren zuzendaritza erregionalaren eta nazionalaren berme osoa" duela. Halaber, Alderdi Popularra "integratzen saiatu" dela esan du, "PPn inor ez dagoelako soberan eta guztiak ditugulako kontuan".