Politika -
fiskaltza
Erkorekak Fiskalari eskatu dio argitu dezala Ernaik gorroto deliturik egin ote duen
Pintadak, kartelak eta Ertzaintzaren aurkako mezu "argiak eta esplizituak" bidali ditu Gobernuak Fiskaltzara. Ernairen ustez, "pandemiaren kudeaketa penagarria" ezkutatzeko trikimailua da.
o.p. | eitb media
Josu Erkoreka lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Fiskaltzaren esku utzi du, bere ustez "esplizituak eta argiak" diren Ertzaintzaren aurkako "gorroto mezuak" gorroto delitu bati erantzuten dioten erabakitzea.
Hala baieztatu du gaur Bizkaia Irratian egin dioten elkarrizketan, eta ezker abertzaleko gazteek "gorroto hitza" batez ere sare sozialetako mezuetan erabili dutela adierazi du. "Poliziarekiko gorrotoaren alde agertu dira eta mezu horren bueltan jendea biltzea nahi izan dute", adierazi du.
Jaurlaritzak Erniaren pintadak, kartelak eta mezuak igorri dizkio Fiskaltzari, Ertzaintzarekiko "gorroto esplizitua" erakutsiko luketenak, Erkorekaren arabera.
"Argibideak nahi ditugu, argibideak ematen direnean mundu guztiak jakiten baitu nola jokatu eta argi gelditzen baita zeintzuk diren nork bere jardunean gainditu ezin dituen mugak", azaldu du.
Azken asteoan modu baketsuan manifestatzen ari ziren gazte batzuen kontra ertzain gutxi batzuek erabilitako indarraz galdetuta, Josu Erkorekak erantzun du Euskal polizia autonomoaren jardunerako oinarrizko araua "jendearekiko errespetua" dela eta, bere gaitasun hertsatzailea erabili behar duen kasuetan, "proportzionaltasun-printzipioa".
Halaber, gogorarazi du printzipio horiek betetzen ez diren "kasu bakanetan" badirela "kontu emateko mekanismoak"; era berean, azpimarratu du "inork inoiz salaketarako arrazoiak ikusi" edo Ertzaintzak indar gehiegizkoa erabili izanaren "frogak baditu" eskura dituela "administrazioaren aurrean edo epaitegi batean salatzeko aukera".
Ernaik, bere aldetik, sare sozialetan adierazi du Jaurlaritzak gorroto delitua Fiskaltzara eramatearen arrazoia "pandemiaren gestio negargarria ezkutatzeko" beharra dela. Ohartarazi dute, "gazteak orainik eta etorkizunik gabe" daudela eta "Ertzaintza deskontrolatua" dagoela, eta gehitu dute kalean mobilizatzen jarraituko dutela gazteek.