Politika -
Manifestazioaren balorazioa
Ezker abertzaleak ETAren eta Gobernuen arteko elkarrizketa eskatu du
Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramaileak Bilboko manifestazioaren balorazioa egin du eta "inoiz Euskal Herrian egin den handiena" izan dela adierazi du.
Erredakzioa
Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramaileak "gatazka politikoaren ondorioetara" mugatzeko dei egin die Espainiako eta Frantziako estatuei. Horien artean, "presoen kaleratzea" eskatu du, eta "dispertsioaren amaiera eta gaixo dauden presoen kaleratzea urgentziazko pausoak" direla adierazi du.
Bilbon egin den manifestazio jendetsua baloratzeko Bizkaiko hiriburuan ezker abertzaleak egin duen prentsaurrekoan, "historikoa eta kolosala" izan dela esan du Ugarteburuk eta "izan litekeen amnistia bat ebazteko ETAren eta Gobernuen arteko elkarrizketa beharrezkoa da", gaineratu du.
Larunbat honetako manifestazioa "inoiz Euskal Herrian egin den handienetakoa, edo handiena" izan dela esan du eta "pentsamendu politiko ezberdineko" lagunak bildu izana baloratu du, nahiz eta "Auzitegi Nazionalak eta Herrizaingo sailak giroa nahasi nahi izan zuen hasieran".
"Euskal preso politikoei ezartzen zaien espetxe politika kriminala" amaitzeko eskatu du Ugarteburuk, eta denak "Euskal Herrian, euren eskubideen jabe" izatea defendatu du, "normalizazio politiko eta demokratikoaren bidean aurrerapausoak emateko".
Horren harian, PPko Gobernuari "dispertsioaren errusiar erruleta" minutu bat bera ere ez luzatzeko eskatu diote. ETAren "erabaki historikoarekin gatazka politikoaren amaieran aurrerapausoak eman daitezke, hortaz, Espainia eta Frantziako Gobernuek berehalako neurriak hartu behar dituzte", esan dute.