Politika -

Auzitegi Nazionala

53 urte arteko zigorrak Bartzelonako eta Cambrilseko harrapaketen arduradunei

Dena dela, ebazpenak zehazten du gehienez 20 urte pasatuko dituztela espetxean 2017ko eraso terroristaren egileek.

Rambletako harrapaketa. Argazkia: Efe
Rambletako harrapaketa. Argazkia: Efe
Rambletako harrapaketa. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak 8 eta 53 urte arteko kartzela-zigorrak ezarri dizkie 2017ko abuztuaren 17an Bartzelonan eta Cambrilsen (Tarragona) egindako eraso terrorista batean 16 pertsona hil eta 140 zauritu zituen zelula jihadistako hiru kideri.

Hain zuzen ere, 53 urteko kartzela-zigorra jaso du Mohamed Houlik, Alcanarko (Tarragona) leherketan zauritu zenak; 46 urtekoa Driss Oukabirrek, Bartzelonako furgoneta alokatu zuenak; eta 8koa Said Ben Iazzak, lehergailuak erosteko eta alokatzeko furgoneta bat eta dokumentazioa uzteagatik.

Lehenengo biei erakunde terroristako kideak izatea, izaera terroristako lehergailuak ekoiztea eta gordetzea, eta arduragabekeria larriko 29 lesio delitu egiten saiatzea leporatzen diete.

Hala ere, Auzitegiak errefusatu egin du izaera terroristako 14 homizidio delituren egiletza, AVTk eta beste akusazio batzuek eskatu arren. Azken horrek espetxeratze iraunkor berrikusgarria eskatu zuen.

Gainera, ebazpenak zehazten du gehienez 20 urte pasatuko dituztela espetxean 2017ko eraso terroristaren egileek.

Egiaztatutako frogen kontaketa egin du Auzitegiak ebazpenean, eta hor aipatzen da Es Satty Jaenera iritsi zela lehenik, eta 2014ko amaieran edo 2015eko hasieran joan zela Ripollera, bertan zegoen meskita bakarrean iman lanak egitera.

Denbora tarte batean Belgikan bizi izan zen, 2015eko urritik 2016ko apirilera, eta han meskita batean lanean aritu zen, gero Ripollera iman gisa itzultzeko.

Ebazpenean azpimarratzen dute zelula hori Alcanarren hildako imanaren inguruan eratu zutela, eta bera izan zela kideak doktrinatu zituena, guztiak gazte marokoarrak, anaiak edo txikitatik elkar ezagutzen zutenak.

Abuztuaren 16ko 23:16an izan zen Alcanarreko leherketa, Es Satty eta Youssef Aalla hil zituena eta Houli zauritu zuena.

Hurrengo egunean, Younes Abouyaaqoub Bartzelonara joan zen furgonetan, 16:50ean Rambletan sartu zen abiadura handian, eta ahal izan zuen pertsona guztiak harrapatu zituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Katalunia Politika Bartzelona Atentatuak Jihadismoa Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak