Politika -

BARNE-HAUTESKUNDEAK PSOE-N

Juan Espadas Susana Diazi gailendu zaio Andaluziako sozialisten lehian

Sevillako alkateak babesen % 55 lortu ditu; Susana Diazek botoen % 38 eskuratu ditu; eta Luis Angel Hierrok, bozen % 5.

Juan Espadas Sevillako alkatea Andaluziako PSOEren barne-hauteskundeetan bozkatzen. Argazkia: EFE
Juan Espadas Sevillako alkatea Andaluziako PSOEren barne-hauteskundeetan bozkatzen.
Juan Espadas Sevillako alkatea Andaluziako PSOEren barne-hauteskundeetan bozkatzen. Argazkia: EFE

EiTB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Espadas Sevillako alkatea PSOEren hautagaia izango da Andaluziako Gobernua bereganatzeko. Alderdiko barne-hauteskundeak irabazi ditu, botoen % 55 bereganatuta.

Espadas Susana Diazi gailendu zaio. Diazek babesen % 38,43 erdietsi ditu, eta Luis Angel Hierrok, botoen % 5,51 baino ez.

PSOEren Andaluziako presidentegaiaren behin betiko izendapena ekainaren 17an egingo dute; izan ere, helegitea aurkezteko aukera dute gainerako hautagaiek.

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu eta PSOEko idazkari nagusiak telefonoz deitu dio Espadasi, garaipenarengatik zoriontzeko.

Sozialisten buruzagiak zein Zuzendaritza Federalak barne-hauteskundeen inguruan jarrera bat publikoki agertzea saihestu dute, baina agintari sozialisten apustua argia zen pribatuan: Sevillako alkateak garaipena lortzea nahi zuten. Eskuinari berriz aurre egiteko, Andaluziako PSOEk behar zuen pizgarria eta aldaketa dela uste dute buruzagi sozialistek.

Susana Diaz Andaluziako PSOEko idazkari nagusiak ez du dimisioa emango, baina alderdiaren buruzagitza utziko du Andaluzian, ez baita urte bukaeran egingo den lurralde kongresura aurkeztuko.

Twitter kontu ofizialean, PSOEk Espadas zoriondu du. "Etorkizuneko Andaluziaren alde lan egiteko" deia egin, eta alderdiaren "handitasunetako bat militanteak eta barne demokrazia dira", azpimarratu du PSOEk.

PSOEren barne-hauteskundeetako hiru hautagaiak eztabaida batean. Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Politika PSOE Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak