Politika -
Manuel Fraga zendu da
Fraga epaitu gabe hil izana deitoratu du Martxoak 3 elkarteak
Elkarteak gogorarazi duenez, Manuel Fraga Gobernazio ministro zen 1976an Gasteizen Poliziak bost langile hil zituenean.
Erredakzioa
Martxoaren 3ko biktimen Elkarteak adierazi du "albiste txarra" dela Manuel Fraga diktadura garaiko krimenak epaitu gabe hil izana.
Elkarteak 1976ko martxoaren 3ko biktimak biltzen ditu. Egun horretan, Poliziak bost langile hil zituen Gasteizen, eliza batean egiten ari ziren batzarrean indarrez sartuta. Fraga Gobernazio ministro (gaur egungo Barne Ministerioa) zen garai horretan.
Elkarteak agiri bat publikatu du Fragaren heriotzaren harira, eta horretan omendu nahi izan ditu egun hartan hil zituzten bost langileak: Romualdo Barroso, Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda.
Martxoak 3ren esanetan, euskal gizartearen "gehiengoak" epaitu eta zigortu egin du Fraga, "Espainiako inpunitatearen erreferente" bihurtuta.
Horren ildotik, Fraga "akusatuen aulkian" eseri ez izana eta Gasteizko "sarraskiaz" damutu ez izana salatu du.
Elkarteak dei egin dio Mariano Rajoyren Gobernuari Estatu-terrorismoaren inpunitatearen inguruan hausnarketa egiteko, eta egindako kaltea aitortzeko.
"Unea iritsi da Estatuak 1976ko sarraskian egindako kaltea aitortzeko", nabarmendu du.