Politika -

indultuak

BOEk argitaratu ditu dagoeneko preso independentisten indultuei dagozkien dekretuak

Graziazko neurri hau ematen zaie bakoitzaren kasuan desberdina den epe jakin batean delitu larririk ez egiteko baldintzarekin; gainera, epe hori iraungi artean ezingo dute kargu publikorik bete.

Argitaratu dira BOEn preso independentisten indultuen dekretuak. Argazkia: Artxiboa
Argitaratu dira BOEn preso independentisten indultuen dekretuak.
Argitaratu dira BOEn preso independentisten indultuen dekretuak. Argazkia: Artxiboa

o.p. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE) gaur argitaratu ditu urriaren 1eko gertakariengatik espetxean dauden bederatzi buruzagi independentisten indultuei dagozkien dekretuak, atzo Ministroen Kontseiluak indultu "partzial eta itzulgarri" hauek onartu ostean. 

BOEk bederatzi dokumentutan jaso ditu Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde ohiaren, Dolors Bassa, Jordi Turull, Raul Romeva, Joaquim Forn eta Josep Rull kontseilari ohien; Jordi Sanchez ANCko buruzagi ohi eta JxCateko egungo idazkariaren; Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidente ohiaren; eta Carme Forcadell Parlament-eko presidente ohiaren indultuak.

Indultu-espedienteek jasotzen dutenez, "Justizia Ministerioaren proposamenean azaltzen diren onura publikoko arrazoietan" oinarritzen dira, "eta Auzitegi epai-emailearen eta Fiskaltzaren txostenak aintzat hartuta" igortzen dira, "kondenatu bakoitzaren egoerari erreparatuta".

Honako hau da BOEk jasotzen duen formula: "Indultua ematen diot" kondenatuari "askatasunaz gabetzeko betetzeke duen zigorrean", Errege-Dekretua publikatzen denetik hasita epe jakin batean "delitu larririk ez egiteko baldintzapean".

Delitua ez errepikatzeko epe hori desberdina da kasu bakoitzean. Dolors Bassarentzat hiru urtekoa da; lau urte Carme Forcadell eta Raul Romevarentzat; bost urte Jordi Cuixart eta Jordi Sanchezen kasuan eta sei urtekoa Oriol Junqueras, Jordi Turull, Joaquim Forn eta Josep Rullentzat.

Inhabilitazio-zigorrak mantentzen zaizkie guztiei, deliturik berriro ez egiteko baldintza gisa ezarritako epealdi berean. Bederatzi auzipetuek hiru urte eta erdi daramatzate preso.

Orain, Espainiako erregearen sinadurarekin indultuak indarrean sartu eta BOEn publikatuta, bederatzi auzipetuen espedienteak Auzitegi Gorenera pasako dira, epaia eman zuen auzitegira, hark geldiarazi behar baititu zigorrak. Horren ostean, preso independentistak espetxetik atera ahal izango dira.

Aurreikusitakoaren arabera, preso independentistak gaur eguerdiarekin batera aterako dira espetxetik eta Governeko kide eta diputatuek harrera egingo diete; horrez gainera,  askatu berriek adierazpenak egitea espero da.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean