Politika -
Auzitegi Nazionala
Beobidek fiskalari: 'Ez diot epaimahaiari errespeturik zor, entzun?'
Auzitegi Nazionalean Ibai Beobideren kontrako epaiketa hasi da, EITBren aurkako atentatua egotzita. Fiskalak 37 urteko kartzela zigorra eskatu du ETAko ustezko kidearentzat.
Erredakzioa
Ibai Beobide ETAko ustezko kidearen kontrako epaiketa hasi da Auzitegi Nazionalean 2008ko abenduaren 31n EITBren egoitzaren kontrako atentatua egin izana leporatuta.
Beobidek Ana Noe Auzitegiko fiskalari "epaimahaiari ez diot inolako errespeturik zor, entzun?" esan dio bere kontrako akusazioak irakurri eta gero.
Alfonso Guevara Auzitegi Nazionaleko epaileak fiskalaren akusazioak entzutzeko zutik jartzeko eskatu dio Beobideri, azken honek ezetz erantzun du, eta epaimahaiko buruak bi poliziei akusatua altxarazteko eskatu die.
Beobidek ez du egindako galdera bakar bat ere erantzun, ezta bere defentsak egindakoak ere.
Fiskaltzak 37 urteko espetxe zigorra eskatu du Beobiderentzat kalte terroristak, pertsona bat legez kanpo atxikitzea, helburu terrorista zuen lapurreta bortitza eta lesio delitu bat egotzita, besteak beste.
EITBren kontrako atentatua
2008ko abenduaren 31n jazo zen EITBren egoitzaren kontrako atentatua. Babestutako lekuko batek adierazi duenez, pertsona batek arma batekin gelditzeko mehatxua egin zion, baina ihes egitea lortu zuen. (Fiskalaren iritziz, Beobide izan zen mehatxu egin ziona.)
Ondoren, Fiskalaren arabera, Beobide eta "Basakatu" komandoko bi kideek (Itziar Moreno eta Oihana Mardaras) beste gidari bat geldituarazi zuten eta arma bat jarri zioten buruan.
Gero burua estali zioten, eskuak lotu zizkioten eta ETAko kideak zirela esan eta zuhaitz bati lotuta utzi zutela esan du lekukoak.
Ondoren, goizeko 09:00ak aldera lapurtutako furgoneta EITBren egoitzaren kanpoaldean aparkatu zuten.