Politika -

Terrorismoa goratzea

Espetxe-zigorra, Tuentin segurtasun indarrak iraintzeagatik

Urtebeteko kartzela-zigorra ezarri diote Gijongo gazte bati, Tuentin Estatuko Segurtasun Indarren eta Ertzaintzaren aurkako iruzkin iraingarri eta ''basatiak'' egiteagatik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak urtebeteko espetxe-zigorra ezarri dio Gijongo gizonezko gazte bati, Tuenti sare sozialean Estatuko Segurtasun Indarren eta Ertzaintzaren aurkako iruzkin iraingarriak eta ''basatiak'' egiteagatik.

Gai Penaletarako Aretoaren lehen sekzioak kaleratutako epaiak terrorismoa goratzea leporatzen dio akusatuari, eta egindako komentarioak biktimentzat iraingarriak direla esaten du.

Epaileen ustez, ''ez dago zalantzarik'' beste erabiltzaile batek sare sozialean jarritako argazkiei akusatuak egin zizkion komentarioetan bi guardia zibilen hilketa goraipatzen dela (zehazki, 2009ko uztailean Mallorcan hildako bi guardia zibilena). Hiru ertzain eta sua ageri ziren argazki bati ''pena da eurek ere su hartu ez izana'' iruzkina egin ziola frogatutzat jotzen du epaiak. Era berean, beste komentario batzuk ere leporatzen dizkiote gazteari, tartean "Denek Mallorcako pikoloek bezala bukatuko ahal dute. Puxa Euskal Herria Libre y Socialista. Aurrera borroka" eta "Kartzelara? Hobe eztanda egitea, Mallorcako pikoloek bezala''.

Hitz horiek idatzi izana ukatu zuen gazteak epaiketan, baina epaileek frogatutzat jo dute berak egindakoak direla, Telefonica enpresak emandako datuak, gaztearen ordenagailuan egindako azterketak agerian utzitako datuak eta Tuentiko bere kontuko datuak oinarri hartuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea