Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
EAJ: 'PPk Lopezen aurkako zentsura mozio bat aurkeztu beharko luke'
EAJren EBBko presidentearen arabera, PPk lehendakariari egindako kritikak direla eta, "erantzunkizunez jokatu eta haren aurkako mozio zentsura bat aurkeztu beharko luke".
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentearen hitzetan, "PP Gobernuko bazkidea den heinean eta lehendakariari egindako kritikak ikusita, Alderdi Popularrak erantzunkizunez jokatu eta Patxi Lopezen aurkako zentsura mozio bat aurkeztu beharko luke". Horrela azaldu da Urkullu Radio Euskadiko 'MPQ' irratsaioan eskainitako elkarrizketan,Lopezek Cristobal Montoro Ogasun ministroari egindako kritikak aipatuta.
Montorok iragarri zuenez, Espainiako Gobernuak legea erreformatuko du, aurrekontuak betetzen ez dituzten kudeatzaile publikoei, politikariak izan edo ez izan, erantzukizun penalak eskatzeko. Neurri hauek gogor salatu zituen Lopezek. Ondoren, "iparra galdu" izana leporatu zion lehendakariari Antonio Basagoiti PPko presidenteak.
"EAJk ezker abertzalearen etxeko lanak egin ditu"
Halaber, Urkulluk azpimarratu duenez, ezker abertzaleak "jakin badaki" EAJk ahal zuen guztia egin duela azken udal eta foru hauteskundeetan ezker abertzalea presente egon zitezen. "Horrekin ez dugu EAJren aitorpena bilatuko baina haiek badakite etxeko lanak egin ditugula eta egiten jarraituko dugu baina publizitaterik eman gabe", gaineratu du.
Urkulluren esanetan, ETAri eta "indarkeria zuritu dutenei" egokitzen zaie "bakea egonkortzearen erantzunkizun bakarra". "Hori iragana ukatuz eta egindako mina aitortuz egin dezaketela badakite", azaldu du. "Publikoki gutxiago hitz behar dute, inora eramaten ez gaituen dinamika batean sartzen garelako", azpimarratu du. "Hortik aurrera, elkarbizitza politikorako normalizazioa lortzeko arlo politikoko eta judizialeko salbuespen legalak bertan behera utzi behar dira", esan du.
Lehendakaritzarako EAJren hautagaiari dagokionez, "ez dago EAJkoa bezalako barne hauteskunde demokratikoagorik". "Proiektu bat eta egitarau bat dugu", nabarmendu du.