Politika -
Udal guztietan
Bilduk mozioak aurkeztuko ditu PPren 'murrizketa-politika'ren kontra
Koalizioaren ustez, Gobernuaren politiken ondorioz "sektore eta zerbitzu publikoa deusentatzeko bidean aurrerapausoak ematen ari dira".
Erredakzioa
Bilduk sektore eta zerbitzu publikoen aldeko mozioak aurkeztuko ditu datozen asteetan, udal guztietan, PPren "murrizketa-politika"ren eta "Madriletik inposatu nahi dituzten neurri neoliberalen" aurka.
Donostia emandako prentsaurrekoan, Enrique Martinez Gipuzkoako Bilduko batzarkideak Mariano Rajoren Gobernuaren "doitze" politika baztertu du. Bere hitzetan, politika horien helburua "zor publikoaren murrizketa aitzakiatzat hartu eta zor hori erosten duen finantza-klasearen alde egitea da, klase ertainei eta baxuenei zergak igoz eta sektore publikoa deseginez".
Bere iritziz, politika honekin "aurrerapausua ematen da sektore eta zerbitzu publikoen desegitean". Gainera, udaletako "berritze-tasa" delakoaren izozketak izango dituen eraginez ohartarazi du, udalek ez baitute "langile nahikoa izango udalerrietako ohiko lanei aurre egiteko".
Gutxiengo batzuk babestea
Horren aurrean, Bilduk "gutxiengo batzuk defendatzeko" proposamenak egingo ditu, "besteak beste, lanpostuak eta erosteko ahalmena bermatzea, batez ere gizarteko maila baxuenetan; eta berdintasun politikak bultzatu eta garatzea, euskara, trebakuntza eta zerbitzuen kalitatean egin beharreko inbertsioak ahaztu gabe".