Politika -
Heriotza
Mikel Unzalu hil da, PSE-EEko legebiltzarkide ohi eta Euskadiko Ezkerrako buruzagi ohia
Alderdikideek doluminak adierazi dituzte sare sozialetan. Legebiltzarkidea izan zen bi legegintzalditan, 2009. eta 2016. urteen bitartean.
Agentziak | EITB Media
Mikel Unzalu PSE-EEko legebiltzarkide ohia hil da, 65 urte zituela, gaixotasun luze baten ondorioz.
"Euskal ezkerra umezurtz dago gaur. Mikel Unzalu hil da. Legebiltzarkidea, sailburuordea eta PSEren eta EEren arteko konbergentziaren bultzatzaileetako bat. Faltan botako dugu ", idatzi du Twitterren Idoia Mendia Euskadiko sozialisten idazkari nagusi eta lehendakariordeak.
Alderdikideek doluminak adierazi dituzte sare sozialetan.
Unzaluk (Gasteiz, 1956) aurreko legegintzaldian bete zuen azken kargu publikoa, Maria Jesus San Jose sailburu sozialistak zuzentzen zuen sailean, Justizia sailburuorde bezala.
Legebiltzarkidea izan zen bi legegintzalditan (IX. eta X. legegintzaldietan) 2009. eta 2016. urteen bitartean, eta 2012an Legebiltzarreko Mahaiko lehen idazkari izendatu zuten.
Eusko Legebiltzarrean sartu aurretik, Euskadiko Ezkerraren idazkari nagusi izan zen 1984. eta 1991. urteen bitartean, Arabako batzarkide izan zen 1991tik 1995era, eta Gasteizko Udaleko zinegotzi 1987tik 1991ra bitartean.