Politika -

Costumero auzia

Irene Monterok berretsi du justiziak bizkarra eman diola Irune Costumerori

Berdintasun ministroak elkartasuna adierazi dio Costumerori, eta gogorarazi du gurasoak eragindako alienazio sindromea legez debekatuta dagoela ekainetik. Aitor Estebanek (EAJ) gogor kritikatu ditu Irene Monteroren adierazpenak.

Irene Montero. Argazkia: EFE
Irene Montero
Irene Montero. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irene Montero espainiar Gobernuko Berdintasun ministroak salatu du justiziak, haren alabaren zaintza kenduta, "bizkarra eman" diola Irune Costumerori. Gainera, "seme-alabak indarkeria matxistatik babesten dituzten amen kontrako tratu txar judiziala" existitzen dela azpimarratu du.

Bizkaiko Auzitegiak absolbitu egin ditu Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatua eta Bizkaiko Foru Aldundiko Haurren Zerbitzuko hiru funtzionario, prebarikazio, tratu txar eta lesio psikologikoen ustezko delituengatik.

Ebazpenaren harira, Monterok sare sozialetan idatzi du seme-alabak indarkeria matxistatik babestu eta justiziak "bizkarra ematen diola ikusten duen" ama baten samina irudikatzea ezinezkoa zaiola. "Nire babes guztia Irune Costumerori", gaineratu du ministroak.

Horrez gain, gogorarazi du GAS (gurasoek eragindako alienazio sindromea, eta Costumero auziko akusatuek erabili zuten argudioa) legez debekatuta dagoela ekainetik, haurtzaro lege berriaren baitan.

GAS (gurasoek eragindako alienazio sindromea): Nazioarteko inongo erakunde mediku edo psikiatrikok onartzen ez duen gezurrezko patologia bat da. Egun, baina, prozesu judizialetan aplikatzen jarraitzen da. Askotan amei haurrak kentzeko erabiltzen dute, aita ikusi nahi ez duten umeek sindrome hori dutela argudiatuz.

"Justizia feminista behar dugu, giza eskubideak kontuan hartzen dituena. Haurrak entzun behar ditugu. Onartezinak dira seme-alabak indarkeria matxistatik babestu nahi dituzten amek pairatzen dituzten tratu txar judizialak", erantsi du Monterok.

Costumero auzia, epaitegietan

2017an banandu zuten umea amarengatik eta etengabe saiatu den arren, kasua ez da epaitegietara iritsi orain arte. Orduz geroztik aitarekin bizi da haurra, umeak berak zein amak aitaren tratu txarrak salatu izan dituzten arren.

Bost urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuen akusazioak akusatuentzat, baina, azkenean, absolbitu egin dituzte. Halaber, Bizkaiko Foru Aldundia ere absolbitu dute (arduradun zibil subsidiario gisa eraman zuten auzitara).

Aitor Estebanek Irene Montero kritikatu du

Bestalde, Aitor Esteban EAJko diputatuak Irene Montero ministroa gogor kritikatu du, justizia feminista aldarrikatu duelako eta epaimahaiak Irune Costumerori bizkarra eman diola esan duelako.

Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, "arinkeriaz" eta "dogmatismo ideologikoaz" aritu izana leporatu dio Estebanek Monterori. "Agerian geratu da ez duela epaia irakurri, ezta gainerako ebazpenak ere", erantsi du.

Horrez gain, auzipetuta egon diren "funtzionarioen errugabetasun presuntzioa" eta bere adierazpen "arduragabeak" eragin ditzakeen "kalteak" kontatutan izan ez dituela leporatu dio. "Denak ez du balio", idatzi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Justizia Unibertsala Espainiako Gobernua Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa