Politika -
Manifestazioa Madrilen
Politikariak, sindikalistak eta artistak, Garzonen aldeko martxan
Manifestariek Garzon epailearen aldeko oihuak egin dituzte eta "frankismo kriminala" epaitzeko exijitu dute.
Erredakzioa
Milaka lagun, horien artean, politikariak, sindikalistak eta artistak, "Garzonekin elkartasuna" plataformak deitutako manifestazioan parte hartu dute, epaileak, Auzitegi Gorenean dituen auzien aurka protesta egiteko.
Besteak beste, Cayo Lara IUko koordinatzaile orokorra, Candido Mendez eta Ignacio Fernandez Toxo UGT eta CC. OO. sindikatuetako idazkari orokorrak, Pedro Zerolo Madrileko zinegotzi sozialista eta Pilar Bardem, Marisa Paredes eta Lola Herrera aktoreak egon dira Madrileko manifestazioan epaileari euren babesa eskaintzeko.
Toxok "Garzoni elkartasuna adierazteko" martxa dela adierazi du, eta "frankismo garaian gertatutakoa argitzera ausartu den epaile bakarra" izan dela goraipatu du. "ETAri biktimei eragindako minagatik barkamena eskatzeko esaten diogu, eta ados nago horrekin, baina inork ez die diktaduraren arrastoei barkamena eskatzeko eskatu", esan du CC. OO sindikatuko idazkari orokorrak.
Mendezek Garzonen "zintzotasuna" azpimarratu du eta "egia argitzen den arte, Espainiako familia askok, demokraziak euren osotasuna onartzen ez dutela sentitzen jarraituko dute", adierazi du.
Manifestariek Garzon epailaren aldeko oihuak egin dituzte eta "frankismo kriminala" epaitzea exijitzeko pankartak eraman dituzte.