Politika -
Kontzertu ekonomikoa
Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak zerga berrien kudeaketa adostuko dute gaur
Batzorde mistoan akordio batera heltzea aurreikusten da, Euskadin zerga-arloan eskumena duten hiru aldundiek zerga hauek kudea ditzaten: urrutiko salmenten BEZa, finantza-transakzioena eta zerbitzu digitalena.
Agentziak | EITB MEDIA
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek zerga berriak kudeatzeko akordioa itxiko dute ostegun honetan Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak.
Bi exekutiboek adostu zuten atzo Madrilen Kontzertu Ekonomikoaren batzorde mistoa deitzeko; horri esker, Iñigo Urkullu lehendakariak parte hartuko du ostiraleko Salamancako presidenteen konferentzian. Batzorde mistoaren bileraren ostean, lortutako akordioaren inguruko azalpenak emango ditu Pedro Azpiazu sailburuak. Agerraldia zuzenean ikusi ahalko da eitb.eus-en.
Duela urtebete San Millan de la Cogollan (Errioxa) egin zen presidenteen konferentziarekin gertatu zenaren antzeko egoera da oraingoa, pandemia hasi zenetik bertatik bertara egin zen lehena.
Urkulluk alarma-egoeran egindako 14 bilera telematikoetan parte hartu zuen, eta presentzialean ez zuela parte hartuko jakinarazi zuen, Kontzertuaren batzorde mistoa deitu ez zelako, diru-bilketaren beherakadaren aurrean Euskadiri zorpetze handiagoa ahalbidetzeko aukera emango zukeena. Azkenean, lehendakaria Errioxara joan zen, azken orduan akordio batera heldu zirela eta.
Gaurko batzorde mistoan akordio bat ixtea aurreikusten da, Euskadin zerga-arloan eskumena duten hiru aldundiek zerga hauek kudea ditzaten: urrutiko salmenten BEZa, finantza-transakzioena eta zerbitzu digitalena.
Gainera, bilera horretan, bi gobernuek 2022an Euskadik izango duen gastu-muga eta defizita azter ditzakete, Ministroen Kontseiluak 196.142 milioi euroko gastu-muga eta BPGren % 5eko defizita onartu ostean.