Politika -

Kontzertu Ekonomikoa

2022rako Eusko Jaurlaritzaren zorra eta defizita adostu dituzte, eta hiru zerga-figura berriak ituntzea

Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoak oraindik itundu barik zeuden hiru zerga-figurak ituntzea erabaki du: Finantza Transakzioen gaineko zergak, Zerbitzu Digitalak eta merkataritza elektronikoaren BEZa.

Pedro Azpiazu, Kontzertu Ekonomikoaren batzorde mistoaren bileraren ostean. Argazkia: EFE
Pedro Azpiazu, Kontzertu Ekonomikoaren batzorde mistoaren bileraren ostean. Argazkia: EFE
Pedro Azpiazu: ''Euskadik beste pauso bat eman du bere autogobernuan''

0:52

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoak oraindik itundu barik zeuden hiru zerga-figurak ituntzea erabaki du: Finantza Transakzioen gaineko zergak, Zerbitzu Digitalak eta merkataritza elektronikoaren BEZa.

Horrela, euskal ogasunak zerga horiek biltzen hasiko dira, aitortutako ogasun integral gisa, Euskal Ekonomia Itunean ezarritakoa betez. Eusko Jaurlaritzak ohar  batean nabarmendu duenez, "akordioa koherentea da zergak balioa sortzen den lekuan ordaindu behar direla ezartzen duen nazioarteko zerga-sistemarekin".

Horrez gain, 2022rako Eusko Jaurlaritzaren zein Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien zorra eta defizita adostu dituzte, eta Ekonomia Itunaren Arbitraje Batzordea berritu dute. Hain zuzen ere, organo horretan ebatziko dira Ekonomia Itunaren lotura-puntuei dagokienez administrazioen artean sor daitezkeen gatazkak.

Testuinguru horretan, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak akordio "garrantzitsu" horretara iristeko egindako ahalegina eskertu du, "euskal autogobernua eta Kontzertu Ekonomikoa indartzen jarraitzeko gakoa baita".

Bileraren amaieran egindako agerraldian, Azpiazuk azpimarratu du gaur lortutako akordioak "Espainiako Gobernuaren eta euskal erakundeen arteko harreman fiskal eta finantzarioaren normaltasunaren parte" direla, "gure finantziazio erregimen bereziaren esparruan, Kontzertu Ekonomikoaren Legean oinarrituta".

"Horri esker, aurrekontu hobeak prestatu ahal izango ditugu, inbertsio publiko handiarekin, krisi ekonomiko honetatik lehenbailehen ateratzeko eta Euskadik behar duen eraldaketa sozioekonomikoa lortzeko", azpimarratu du Azpiazuk.

Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren bilera. Argazkia: EFE

Finantza Transakzioen gaineko Zerga (FTZ-ITF)

Zerga hori zeharkako zerga da, eta 1.000 m/€-tik gorako burtsa-balioa duten konpainia kotizatuen akzioak eskuratzea zergapetzen du. Akordioaren arabera, FTZ-ITFren diru-bilketarako konexio-puntua akzioak eskuratzen dituzten enpresen helbide soziala izango da.

Zerbitzu Digital jakin batzuen gaineko zerga (ZDJZ-IDSD)

Zerga horrek % 3ko zerga ezartzen die lineako publizitate, lineako bitartekaritza eta datu-transmisio zerbitzu digitalei. Akordioak zerbitzu horietan parte hartzen duen erabiltzailea dagoen den lekua ezartzen du konexio-puntu gisa. Bi zerga horiek ituntzeak urtean 220 m/€ inguruko diru-bilketa ekar diezaioke Euskadiri.

Merkataritza elektronikoaren BEZa (OSS BEZa)

2020ko martxoko Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan aurrerapauso handia eman zen; izan ere, foru-ogasunak gaitzen zituen konexio-puntua adostu zen, zergadunek merkataritza elektronikoaren BEZaren kuotak euren foru-ogasunean sartu ahal izan zitzaten, Zerga Agentziari ordaindu behar izan barik.

Gaur beste pauso bat eman da, eta akordioak lortu dira Ekonomia Ituna aldatzeko, BEZaren kontzertazioari dagokionez, eta baita EAEren eta Estatuaren artean informazioa eta finantza-fluxuak trukatzeko ere, Europako zuzentaraua betetzeko.

Araubide berezi hori BEZaren erregimen berria da Europa mailan, eta, beraz, une honetan ezin da diru-bilketan izan dezakeen eraginaren baloraziorik egin.

BEZaren araubide berezi horren arabera, enpresak kontsumitzailea dagoen herrialdeko BEZaren tasari dagokion zenbatekoa sartuko du bere ogasunean. Ondoren, estatu kideetako ogasunen artean informazioa eta finantza-fluxuak trukatu beharko dira, BEZa kontsumoa gertatu den herrialdean sar dadin.

Merkataritza elektronikoaren BEZaren adibideak:

1. Alemanian dagoen kontsumitzaile batek bizikleta bat erosi dio euskal enpresa bati on-line dendaren bidez. Euskal enpresak dagokion Foru Ogasunean sartuko du Alemanian indarrean dagoen BEZ tasaren arabera bezeroari jasanarazi dion BEZa. EAEko Foru Ogasunak Alemaniari transferituko dio BEZ hori.

2. Euskadin dagoen kontsumitzaile batek bizikleta bat erosi dio Alemaniako enpresa bati on-line dendaren bidez. Alemaniako enpresak Alemaniako ogasunean sartuko du bezeroari jasanarazi dion BEZa, dagokion Lurralde Historikoan indarrean dagoen BEZ-tasaren arabera. BEZ hori Lurralde horri dagokio, kontsumo-lurraldea delako.

2022ko Defizitaren eta Zorraren erreferentzia-tasak

Foru Aldundiei defizit-gaitasuna aitortuz 2020ko irailean lortu zen eta finantza-arloan euskal autogobernuari bultzada eman zion mugarri historikoaren ostean, gaur 2022rako defizitaren eta zorraren erreferentzia-tasak adostu dira.

Horrela, helburu hauek adostu dira:

- Eusko Jaurlaritzarentzako defizit helburua: 707 M/€ (% 0,9 EAEKO BPGari dagokionez).

- Foru Aldundientzako defizit helburua: 157 M/€ (% 0,2 EAEKO BPGari dagokionez).

- Eusko Jaurlaritzarentzako zor publikoaren helburua: % 15,6 EAEKO BPGari dagokionez (Helburu hori kontuan izanda, Eusko Jaurlaritzaren zorpetze-muga 12.255 M/€-koa da).

Ekonomia Itunaren Arbitraje Batzordea

Beste erabaki bat Arbitraje Batzordea berritzeari buruzkoa da. Arbitraje Batzordea, itundutako zergen konexio-puntuen aplikazioari dagokionez Estatuko Zerga Administrazioaren eta Foru Aldundien artean edo Foru Aldundien eta edozein Autonomia Erkidegotako administrazioaren artean sor daitezkeen gatazkak eztabaidatu eta ebazteko organoa da.

Horrela, Violeta Ruiz Almendral izango da presidentea, eta Javier Muguruza Arrese eta Sofia Arana Landín izango dira bi batzordekideak. Izendapenekin batera, funtzionamenduari eta antolaketari buruzko zenbait gai adostu dira, eta baita baliabideak egokitzea eta esleitutako funtzioak betetzeko gaitasuna hobetzea ere.

Beste akordio batzuk

Azkenik, EIBM-CMCEk kupo likidoen, finantza-konpentsazioen eta enplegu-politika aktiboen balorazioen behin betiko (2020) eta behin-behineko (2021) balorazioak adostu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua EAEko Aurrekontuak EAEko Udal eta Foru Aurrekontuak