Politika -
Auzitegi Gorena
Telecinco zigortu dute, errugabe bat ETAko kidetzat aurkezteagatik
ETAko hainbat kide atxilotu zituztela iragarri zuen Telecincok, eta argazki batzuk aurkeztu zituen, informazio hori osatzeko; horietatik bat auzi-jartzailearena zen, eta ez ETAko ustezko kidearena.
Erredakzioa
70.000 euroko kalte-ordainak ordaindu beharko dizkio Telecinco telebista kateak pertsona bati, haren ohoreari eta irudiari kalte egiteagatik, Auzitegi Gorenaren epaiaren arabera. Telecincok terroristatzat jo zuen gizon hori, okerki, eta bere argazkia atera zuen telebistan.
2007ko apirilaren 27an, 14:30eko albistegian, Erresuma Batuan ETAko hainbat kide atxilotu zituztela iragarri zuen Telecincok; informazioa laguntzeko, hainbat argazki argitaratu zituzten, eta horietako bat ETAko kidea ez zen pertsona bati zegokion.
Kateak pertsona horren argazki bat bilatu zuen Interneten, atxiloketen albistea osatzeko, baina lehen izena eta abizena soilik bilatu zuen eta argazkia okerra zen, epaiaren arabera.
Beste zenbait epaitegi eta auzitegik ere zigortu dute katea gertaera berdinagatik, baina telebista kateak helegitea jarri zuen Gorenean. Orain, Auzitegi Gorenak zigorra berretsi eta Telecincoren errekurtsoa bertan behera utzi du.