Politika -
ETA-ren amaiera
Espainiako Gobernuak eskolten zerbitzua murriztuko duela iragarri du
Egun Espainiak duen bizkartzain kopurua "arrazoizkoa" ez dela esan du Fernandez Diaz ministroak. Murrizketa datozen asteetan egingo dute, kasuak banan-banan aztertuta.
Erredakzioa
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak iragarri duenez, Espainiako Gobernuak eskolta-zerbitzuaren murrizketa "garrantzitsua" egingo du, ETAk indarkeria behin betiko uztea erabaki ostean.
Datozen asteetan egingo dituzte murrizketak eta kasu guztiak banan-banan aztertuko dituzte. Fernandez Diazek erantsi du Espainiak egun duen eskolta kopurua "zentzuzkoa ez" dela.
Datuak
Espainian 1.500 pertsonek dute eskolta zerbitzua, zinegotziak kontuan hartu gabe, izan ere, udaletxeetako hautetsien babesaz udaltzaingoak arduratzen dira. 2.668 guardia zibil eta polizian aritzen dira bizkartzain lanetan; beste 700 bizkartzain pribatuak dira.
Estatuko Aurrekontu Orokorretik 160 milioi euro erabiltzen dira eskolta-zerbitzua ordaintzeko, horietatik 100 milioi EAEn eta Nafarroan jarduten duten bizkartzainentzako bideratzen direlarik.