Politika -
Dimisioa Tafallan
Tafallako EH Bilduko zinegotzi batek dimisioa eman du etxeratze-agindua hautsi ostean
Xabier Alkuazek egindako "akatsa" onartu, eta bere gain hartu du "kargu hautetsi gisa zuen erantzukizuna”.
EITB Media
Tafallako Udaleko EH Bilduko zinegotzi Xabier Alkuazek dimisioa eman du gaur, udalerrian indarrean dagoen etxeratzeko agindua ez betetzeagatik zigorra jaso ondoren. Udaltzaingoak igande goizaldean atzeman zuen, kalean, lagun-talde batekin zegoela.
EH Bilduk ohar baten bidez jakinarazi duenez, dimisioa gaur goizean bertan aurkeztea erabaki du Alkuazek, "erantzukizunez eta koherentziaz jokatuta"; izan ere, Nafarroan ezarritako etxeratze-agindua indarrean dago Tafallan, 01:00etatik 06:00etara, asteburuetan, funtsezko jarduerak egiten ez dituzten pertsonentzat.
Horrez gainera, zinegotzi ohiak "akatsa" onartu, eta bere gain hartu du "kargu hautetsi gisa zuen erantzukizuna", aipatutako iturrien arabera.
EH Bilduk, bere aldetik, Alkuazek Tafallaren alde egindako lana eskertu du.