Politika -
ETAko presoak
Aralar: 'Kartzela-politika aldatuko duela agindu digu PPk'
Amaiurrekin egindako bileran batean, Alderdi Popularreko ordezkariek aldaketak egiteko "denbora apur bat" beharko dutela esan dute, "sektore batzuk aurka daudelako".
Erredakzioa
Alderdi Popularrak espetxe-politika aldatuko duela agindu zuen Amaiurreko ordezkaritza batekin egindako bileran. Hala jakinarazi du gaur Jon Iñarritu Amaiurreko diputatuak eta Aralarren ordezkariak.
Infozazpi Irratian egindako elkarrizketan zehaztu duenez, aldaketak egiteko denbora "apur bat" beharko dutela ere azpimarratu zuten, "sektore batzuk kartzela-politika aldatzearen aurka daudelako".
ETAk indarkeria behin-betiko uzteko erabakiak "Euskal Herrian ireki duen aro berriaz" hitz egiteko bildu ziren Amaiur eta PP. "Batzarrean presoen inguruan neurririk hartzeko asmorik ote zuten galdetu genien eta erantzuna baiezkoa izan zen", azaldu du Iñarrituk.
Alabaina, "apur bat itxarongo zutela esan ziguten, sektore batzuk kontra izango dituztelako; sektore horiek PPren baitan dauden ultraeskuindarrak eta eskuineko komunikabideak dira", erantsi du.