Politika -

Bake prozesua

Lokarri: 'Arriskurik nagusia Gobernuak mugimendurik ez egitea da'

"Ulertzen dugu denbora behar izatea bere estrategia definitzeko, baina ezin da aitzakia izan geldirik eta ezer egin gabe egoteko", esan du Paul Riosek.

Paul Rios (Lokarri). Argazkia: EFE.
Paul Rios (Lokarri). Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareak Euskal Herriak hasi duen prozesuak "atzerapausorik" ez duela nabarmendu du, baina bake prozesuaren "arrisku nagusia" Gobernuak "mugimendu esanguratsurik" ez egitea dela gaineratu du.

Paul Rios Lokarriko presidenteak Bilbon egin duen agerraldian adierazi duenez, alderdi politikoen arteko harremanek "normaltasun handiagoa" bizi dute, baina "alderdi politiko guztiak barne hartuko dituen elkarrizketarako gune baten gabeziak, bake prozesuarekiko aurrerapausoak oztopatzen ditu".

Riosen hitzetan, bake prozesuaren "arrisku nagusia" Espainiako Gobernuak "mugimendu esanguratsurik ez egitearen aukeran datza". "Ulertzen dugu denbora behar izatea bere estrategia definitzeko, baina ezin da aitzakia izan geldirik eta ezer egin gabe egoteko", gaineratu du.

Lokarriren ustez, PPren Gobernuak ETArekin harremanak ireki behar ditu, "desarmea eta presoen egoera kudeatzeko eta ezker abertzalearen legeztatzea erraztuz". Riosen ustez, hau gertatzen ez bada ere, "ezin gara zain egon".

"Bake prozesuaren sendotzean aurrera egiteko bide bat aurkitu behar da. Instituzioak, alderdi politikoak, eragile sozialak eta herritarrak bere osotasunean gai baldin bagara ibilbide-orri bat adosteko, bakea finkatzeko bultzada erabakigarria ematen egongo gara", adierazi du Paul Riosek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea