Politika -
Euskobarometroa
EAEko herritarren % 68 baikor, ETAren amaierarekin
10etik 7k krisiaren ondorioak sentitzen ditu eta % 62ren ardura nagusia enplegua da, hala azpimarratzen du Euskobarometroak.
Erredakzioa
EAEko herritarren % 68 ETAren amaierarekin baikorrak dira, hala azpimarratzen du azken Euskobarometroak. Lehen aldiz, gainera, ETAk indarkeriari amaiera jarri diola sinesten du gehiengo batek eta baita ezker abertzaleak "joko demokratikoaren arauak beteko" dituela ere, % 46k eta % 50ek, alegia.
Halaber, herritarren % 78k ETAren eta Gobernuaren arteko negoziazioa babesten du, baina % 44k negoziazio horri baldintzak jarri dizkiote.Galdetutakoen % 75, berriz, presoak gerturatzearen aldekoa da.
Krisiaren eraginak
Bestalde, herritarren % 72k krisi ekonomikoaren eraginak nabaritu dituztela erantzun dute eta % 37k, “nabarmen” sentitu dituztela.
Enplegua ageri da herritarrak gehien kezkatzen dituzten gaien zerrendaburuan; horixe da, hain zuzen, % 62ren ardura nagusia.
Egoera ekonomikoa (% 18) eta "desberdintasun sozialak eta ongizatea" (% 10) dira beste ardura nagusiak. Egoera politikoa (% 2), etxebizitza (% 2) eta indarkeria (% 1), ageri dira beheraxeago.
Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa
PPren boto-emaileek ez nahikotzat jo dute Patxi Lopezen gobernuaren kudeaketa eta "Jaurlaritzaren kide nagusia" izan arren 4,2ko nota ipini diote.
Euskal herritarren ia erdiak, % 47k, alegia, Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa txarra dela uste du; % 16k, berriz, guztiz kontrakoa iritzi dio, eta ona dela azpimarratu dute.
Patxi Lopezen Gobernuak 3,8ko batez besteko nota jaso du.
Lau herritarretatik hiruk Patxi Lopezen Gobernuaren gaitasunaren inguruan konfiantza “gutxi” (% 46) edota “bat ere ez” (% 31) duela adierazi dute. % 19k, berriz, kontrakoa adierazi dute.
Hauteskunde autonomikoak aurreratzeko aukeraren inguruan galdetuta herritarrak banatuta ageri dira. % 42 hauteskundeak aurreratzearen alde agertu da, eta % 43, berriz, kontra.
Halaber, Mariano Rajoyren Gobernuaren inguruan mesfidantza handia da nagusi herritarren artean, % 83 PPren Exekutiboarekin eszeptikoak dira eta Zapateroren Gobernuarekin alderik ez dela egongo iritzi diote.