Politika -
CISen barometroa
PPk bi puntu galdu ditu, baina PSOEri tarte handia ateratzen dio
CISen urtarrileko barometroaren arabera, PSOEk ere hautesleen babesa galdu du, baina gutxixeago; botoen % 28 eskuratuko luke.
Erredakzioa
CISek azaroaren 20ko hauteskundeen ostean kaleratu duen lehen barometroaren arabera, PSOEk ere babesa galdu du, baina gutxixeago, sufragioen % 28 lortu du, azaroko hauteskundeetan baino zazpi hamarren gutxiago.
Era berean, Izquierda Unida eta UPyD puntu bat hazi dira, % 7,9ra eta % 5,7ra, hurrenez hurren.
Aitzitik, CiU zazpi hamarren jaitsi da, % 3,4ra, hauteskunde orokorretan lortutako % 4,1en aurrean.
Amaiur ere jaitsi egin da CISen kalkuluen arabera, botoen % 1,3 lortzetik % 1,1 eskuratzera pasatu da; BNG % 0,7tik 0,5era jaitsi da, Coalicion Canaria 0,5etik 0,4ra eta Foro Ciudadano 0,4tik 0,3ra.
Gainerako indar politikoen babesa igo egin da, hala EAJk % 1,4ko babesa jaso du CISen urtarrileko barometroan (% 1,3 lortu zuen azaroaren 20ko hauteskundeetan), eta ERC ere hamarren bat igo da.
Compromís-Q alderdia, berriz 0,5etik 0,8ra igo da, eta Geroa Bai 0,1etik 0,3ra.
Lider baloratuenak
Rosa Diez UPyDko liderra da herritarrek ondoen baloratu duten ordezkari politikoa, Mariano Rajoy presidentearen aurretik. Hala ere, bietako inork ez du bostetik gorako nota jaso.
Alberto Ruiz Gallardon da ministroen artean puntu gehien jaso duena CISen barometroaren arabera. Halaber, Gallardonek, Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak eta Ana Pastor Sustapen ministroak bakarrik lortu dute herritarren gainditua.
Gobernuko balorazio txikiena, berriz, Pedro Morenes Defentsa ministroak dauka.
Diezen eta Rajoyren atzetik, ospe onena duten politikariak Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramailea eta Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia dira. Zerrendan azkena, Iñaki Antiguedad Amaiurreko diputatua.